Martxoaren 6an aurkeztu zuten Laburbira zikloa Donostiako San Telmo museoan. Aurten aurkeztutako 35 lanetatik herriz-herri proiektatzeko hautatutako 8 euskal laburmetraien zikloa, euskal zinemagintza hauspotzeko eta zinemagileei lanak erakusteko aukera ematen du urtero. Iaz 40 udalerritan 900ndik gora ikusle bildu zituen, eta urtetik urtera gero eta oihartzun handiagoa du. Andoni Urzelai, Laburbiraren koordinatzaileak Antxeta Irratian aditzera eman duenez, «sekulako garrantzia izan du azken urteetan euskal zinemagintzan, sortzaile askorentzako erakuslehio aparta bilakatu delako, baina gainontzekoan herritarrek ikusiko ez lituzketen film-laburrak ikusteko aukera ematen duelako ere».
Laburbiran ikus daitezkeen lanak goi mailakoak direla azpimarratu du, eta urtetik urtera hautaketa egitea zailagoa bilakatzen ari zaiela aitortu du Urzelaik. «Hautaketa egiteko irizpide nagusia kalitatea da, euskal zinemagintza hobetzen ari da etengabe, eta horren irudikoa da zirkuitoa ere», argitu du.
Hondarribia eta Irungo proiekzioak
Aurtengoak 22. edizioa du, eta 97 minutuko proiekzioa Euskal Herriko hainbat txokotan proiektatuko dute apirilaren 11a artean. Eta Bidasoaldean bi aukera izango ditugu, euskararen erabilera bultzatzeko ekimenei lotutak biak. Izan ere, Euskaraldiaren motorrak berotzek kanpainaren barruan kokatuta antolatu dute Hondarribiko emanaldia, martxoaren 20ean 19:00etan Alde Zaharreko Kultur Etxean. Eta Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak ere, ohikoa duen bezala, eskolartekoei eta gazteei zuzendutako Euskararen Hilabetearen egitarauaren azken hitzordua izango du, apirilaren 9an (19:00) Amaia Kultur Zentroko areto txikian.
Esan bezala, aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira, eta horietarik 8 film hautatu dituzte herriz herri eskaintzeko. Denetariko lanak aurkitu daitezke 97 minutuko film-labur sorta honetan, batzuk zenbait zine jaialditan saritutako lanak izanik. Hain justu, ikusleek estilo eta gai ugari jorratzen dituzten lanen artean, Ekain Irigoienen “EUROPA” eta Eneko Sagardoyren “BETIKO GAUA”, biak GOYA sarietarako izendatuak izan direnak topatuko dituzte.
Hauek dira aurtengoak:
• PROSOPAGNOSIA (Ekain Martinez)
• PLAZER BAT (Sonia Estévez)
• BETIKO GAUA (Eneko Sagardoy)
• EUROPA (Ekain Irigoien)
• PENTSATZEN DUT (Karmele Mitxelena)
• HOR KONPON (Jone Arriola)
• GOODBAY KEPLER (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto)
• UTLANDSK (Alba Lozano)