Goizeko 9:00ak pasatxo zirela piztu da sua Hendaiako portuko gune teknikoko 27. xaian. Hendaia eta Donibane Lohizuneko kasernako suhiltzaileak berehala hurbildu dira, baita ondoren Angelutik apar bidez sua itzaltzeko kamioi berezi bat ere. Haien erantzun azkarrari esker, minutu gutxian itzali dituzte garrak, eta berpiztea saihesteko lanean jarraitu dute suhiltzaile dozena batek inguruko teilatuetan. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak azaldu duenez, teilatua osorik desmuntatu behar dute, ez dadin egurrezko habeen ondorioz sua berpiztu. Gainera, 27. xaiko teilatua osorik berreraiki beharko dute.
Urpean eta CMHen egoitza da kiskali dena, baina inguruko xaiek ere kalteak izan dituzte, oraindik argitzekoa da egoera zehatza zein den. Uship itsas bela dendaren biltegia da kalteturiko alboko lokaletako bat. Orotara, 100 metro karratu inguru izan dira ukituak. Ikerketarekin batera, suaren jatorria zein izan den ere argitu beharko dute.
Bitartean, portuko "xaien inbentarioa egin behar" dutela azaldu du Ezenarrok, hutsik direnak identifikatu eta kaltetutakoei birkokapena eskaintze aldera. Gaur arratsean zehaztuko diete elkarte eta enpresei zein den behin-behineko egoera zehatza.