«Zikindu egin den haurra, gozatu duenaren seinale da». Hau sinestuta dago Maider Aizpurua pedagogoa eta irakasleak, eta helduon bizimodu urbano frenetikotik ihes egin eta jolas librean naturan murgiltzea eskaintzen die haurrei Lurmaitte umeen ongizaterako elkartearen udalekuak. Pedagogia berdean oinarrituta, Irungo Ibarlako Meaka auzo elkartearen egoitza dute udaleku hauetan kanpamendu basea, eta proiektuaren eramaileak azaldu digunez, 3 eta 11 urte bitarteko haurrek aire zabalean ematen dute eguna naturarekin konektatuz.
2018an sortu zuen proiektua, hasiera batean Jaitzubiko zalditegiaren inguruan jarduerak antolatuz, eta badira hiruzpalau urte Meaka auzoko txoko honetan ari direla. Aizpuruak dioenez, «lekua zoragarria da, erreka, mendia, zuhaitzak... naturaz inguratuak daude, Aitzondoko ur-jausira ere joan izan gara, udalekuen abiapuntua besterik ez da egunero»
Naturaren erritmoan, haurrak nahieran
Izan ere, Lurmaitteko arduradunak aitortu digunez «haurrek aire zabalean ematen dute eguna». Hau da, beste udaleku batzuetan irteerak egiten dituzten bitartean, eurek ez dira sartzen. Aitzondoko ur-jauzira, erreka espedizioak egitera, Plaiaundiko natur parkera edota Hondarribiko Asturiaga hondartzara ere txangoak antolatu ohi dituzte. Baina jolas librean oinarritutako proiektua den heinean, haurrek erabakitzen dute, «norbere erritmoan, ez diegu prisarik sartzen», argitu digu Aizpuruak.
Haurrek naturan jolasteko eta beste haurrekin esperimentatzeko aukera emateko helburua du Lurmaittek. Irakaslea da Aizpurua, eta Heike Freire ("Educar en Verde" eta "Patios vivos para renaturalizar la escuela" liburuen egilea) pedagogia berdean adituarekin lanean aritu zenean «iraultza» bat sentitu zuela aitortu digu. Hala ere, pedagogia berdea berritzailea izanagatik ere, garai batean egiten zena berreskuratzea ere bada hein batean. «Naturan egoteak onurak ditu pertsonarentzat, neurozientziak frogatua du gure garuneko neurotransmisoreak lasaitzen direla, eta haurrak beti daude lasai eta pozik», dio. Eta garai batean jolas librean naturarekin harreman estuagoa genuela agerikoa bada ere, gaur egungo gizarte urbanoak naturatik urrundu egin gaituela pentsatzen du. Beharbada helduon beldurrek elikatuta, baina «haurrak eskolan, haur parkeetan, udalekuetan... beti hesi baten barruan sartzeko ohitura dugu, baina haurrek espazioa eta denbora behar dute esperimentatzeko», dio.
Haurren emozioak erdigunean
Alde horretatik, udaleku hauetan haurrei eurek zer nahi duten pentsatzeko aukera ematen zaie, eta taldeko haur arduradun batekin adosten dute zein jarduera egin. Horretan ere, haurren arteko harremanak ezberdinak direla dio Aizpuruak. «Normalean adin bereko berdinekin aritzen dira jolasten, eta ez bada herri txikietan, adin ezberdineko haurrak elkarrekin zaila da ikustea, Lurmaitten umeak biltzen dira, haien artean moldatzen dira eta adosten dute elkarrekin zertan jolastu».
Hezitzaileen zaintzapean beti, udaleku hauetan egiten dituzten jardueretan «autorregulazioa eta emozioak» oso kontuan hartzen dituztela azaldu digu arduradunak. Eta urteotan parte hartu izan duten haur eta familiek balorazio baikorra egiten dute. «Dena den izena eman eta udalekuak hasi aurretik guraso berriei informatzen diegu dinamika zein izango den eta zer arropa mota ekarri behar duten eta beste», argitu du. Izan ere, «zikindu den haurra, gozatu duenaren seinale» dela iritzita, «inguruneak arakatu, basoa ikertu, animaliak ezagutu, zuhaitzetara igo, korri egin, arrastaka ibili edo erreka esploratu eta gero, arropa aldatzen da eta ez da ezer gertatzen».
Aurten uztaila osoan zehar 9:30etik 13:30era, 5 eguneko 5 txanda antolatu dituzte. Aurrenekoa uztailaren 3, 4 eta 5ekoa laburragoa izango bada ere (65 eurotan), gainerakoak 95 eurotan erreserba daitezke: uztailak 7tik 11ra, 14tik 18ra, 21etik 25era edota uztailaren 28tik abuztuaren 1era. Gure seme-alabek naturarekin galdua duten harremana berreskuratzeko alternatiba honetan Bidasoaldeko familiek aldez aurretik izena emateko aukera dute dagoeneko lurmaitte@gmail.com posta elektronikora idatziz, edota 627 546 864 telefonora deituz.