1936ko faxisten estatu kolpeari aurre egiteko Gipuzkoara sartu ziren internazionalistei buruzko liburua plazaratuko dute 2026an

Antxeta Irratia 2025ko api. 9a, 15:50

Aitzol Arroyo Tumas historialari hondarribiarrak eta Aitor Azurki kazetariak, 36ko gudua Irundik sartu eta Gipuzkoa hartu zuten faxisten aurka borrokatzera atzerritik etorritako boluntarioen historia berreskuratu nahi dute. Pasarte horri buruz senideei entzundako istorioak edo gertaerak, argazkiak edo objektuak partekatzeko deialdia luzatu dute, proiektuaren ikerketa fasean lagundu dezakeelako.

 

1936ko guduaren urteurrenari begira, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936an Gipuzkoara iritsitako lehenengo boluntarioei buruzko ikerketa-liburu bat argitaratuko du 2026an. Liburua Aitor Azurki kazetari donostiarrak eta Aitzol Arroyo Tumas historialari hondarribiarrak idatziko dute, eta proiektuaren ikerketa-fasean dauden honetan, gaur aldundiaren Donostiako egoitzan egindako aurkezpenean «lan aintzindaria» izango dela nabarmendu dute. Egileek Gipuzkoara iritsitako boluntario internazionalisten bizitzari eta heriotzari erreparatuko baitiote inoiz egin ez den bezala, memoria ariketa honekin historia berreskuratzeko asmoz.

Horretarako, gaiari buruzko datuak eta dokumentazioa biltzen ari dira, eta herritarrei dei egin diete gordeak eduki dezaketen materiala partekatzeko. «Denbora asko igaro bada ere, gure gizarteko artxibo pribatu horietan oraindik dokumentazio garrantzitsua egon daitekeela uste dugu», esan du Arroyok, «Gerta daiteke pertsona batzuek beren senideei entzundako istorioak edo gertaerak, argazkiak edo objektuak ezagutzea». Haiekin harremanetan jartzeko 665 724 752 telefonora deitzeko edota internazionalistak@gmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute.

Internazionalistak ahanzturatik ateratzeko beharra 

Ikertzaileek aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, «faxismoari aurre egiteko gutxienez dozena erdi herrialdetako ehundik gora boluntario internazionalista etorri ziren Gipuzkoara, eta Irungo kontzentrazio-esparruan 500 atzerritar baino gehiago izan zituzten gatibu». Pasarte horiek ahanzturan erori direnez, pertsona horien guztien oroimena berreskuratzea betebehar bat dela azpimarratu du Aitor Azurkik. Izan ere, «faxismoaren aurkako borrokarekin bat egiteko, dena utzi zuten eta haien mugetatik kanpo, lur eta gizarte erabat ezezagun batean giza eskubideen eta pertsona behartsuenen aldeko borrokaren ideala jarraitu zuten», argitu du. Hortaz, argitaratuko duten liburua eta oinarrian duen ikerketa justizia ariketa bat delakoan daude.

Aitzol Arroyo historialariak Irungo kontzentrazio-esparruan gertatutakoaren gainean argi izpi bat ekartzeko beharra aldarrikatu du. Gipuzkoako kolpisten gorakadarekin, ehunka antifaxista Irunera etorri zirelako. «Nazioarteko Brigada ospetsuak sortu baino lehen etorri ziren gure lurraldera atzerriko boluntarioak, Katalunia edo Madrilera baino lehen», dio historialari hondarribiarrak, eta hau ikusezin bilakatu badute ere, aurrerantzean «Jarama edo Belchiteri buruz hitz egiten dugun moduan, hemendik aurrera Irun, Donostia, Eibar edo Elgetaz ere hitz egin beharko dugu», argitu du.