Ospitaleko pediatriako larrialdien itxiera salatu du Osasun Bidasoak

Antxeta Irratia 2025ko api. 10a, 10:08

Osakidetzak Bidasoaldean iragarri duen pediatriako arretaren hobekuntza «faltsua» dela leporatu dio Osasun Bidasoa plataformak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Anbulategietan zerbitzua lanegunetan 15:00etatik 17:00etara luzatuko bada ere, «ospitaleko larrialdi pediatrikoa kendu egin dutenez, praktikan 15 ordu gutxiago izango dira astelehenetik ostiralera, eta asteburu eta jaiegunetan arreta pediatrikorik ez da Bidasoaldean bermatuko».

Osasun Bidasoa plataformak Osakidetzak azken urteetan Bidasoaldean daraman «zerbitzuen murrizketa etengabea» salatu du ohar baten bidez. Diotenez, Bidasoan osasun-arreta publikoa okerrera egiten ari da, eta pediatriako larrialdiak ixtearekin batera, pediatria, arreta prekarioa ematen duten zerbitzuen zerrendari gehitzen zaiola argitu dute zerrenda luzea dela oroitaraziz, hala nola; urologia, erradiologia, minaren unitatea, traumatologia, haurren psikiatria, kardiologia eta neurologia zerbitzuak azken urteetan kendu edota murriztu ondoren.

Pediatriaren kasuan, Lehen Arreta Zentroetan ordutegia egunean 2 orduz luzatuko badute ere, Bidasoa ospitaleko larrialdiak kenduko dituzte horren ordainetan. «Beraz, eskualdea pediatrarik gabe geratuko da arratsaldeko 17:00etatik goizeko 8:00etara eta asteburuetan». Hau da, Osakidetzak hobekuntza gisa jakinarazi duena, praktikan 15 ordu gutxiagoko arreta pediatrikoa izango da lanegunetan, eta 24 ordu gutxiago larunbata eta jaiegunetan. Izan ere, gaur egun Irungo Erdiguneko eta Dunboako anbulategietako eta Hondarribiko Itsas Etxeko pediatrek 8:00etatik 15:00etara artatzen dituzte Bidasoko haurrak beren osasun-zentroetan. Eta lanegunetako arratsalde eta gauetan, asteburuetan bezala, haur larrialdiak eskaintzen zituzten Bidasoa ospitalean.