Life Kantauribai: Bidasoko izokinaren gainbehera gelditzeko proiektu aintzindaria

Antxeta Irratia 2025ko api. 11a, 11:45

Life Kantauribai proiektuak izokin populazioari buruz ikerlariei eskainiko dien informazioaren zehaztasun mailak ez du aurrekaririk. Hidrofonoak, kamerak, txip eta radiofrekuentzia bidez, izokinaren gainbeheraren arrazoiak identifikatzea, edota bizirik iraun dezan neurri egokiagoak hartzea ahalbidetuko duen proiektu aitzindaria abian jarri dute.

Nafarroako Ingurumen kudeaketarako erakundeak egindako ikerketen arabera, 90 izokin joan ziren Bidasoa ibaian gora 2022an, ohikoaren laurdena besterik ez. 37 urtetan jasotako daturik okerrena izanik, «normaltasunetik oso urrun» dagoen espeziea da. Atlantikoko izokinaren egoera kezkagarria denez, Life Kantauribai proiektua abian jarri dute orain. Teknologia berriak erabiliz, izokinak ahalik eta gutxien manipulatuta, Bidasoa ibaian duen populazioaren gainbeheraren arrazoiak zehaztu eta jarraipen zehatza egiteko helburuarekin ari dira lanean. 

2022az geroztik egindako azterlanek agerian utzi dute izokin kopurua nabarmen apaldu dela azken urteetan Bidasoa ibaian. Gipuzkoa eta Nafarroako erakundeen arteko elkarlanetik, izokinaren habitata hobetzeko 2016az geroztik 3 milioi euroko inbertsioa egin dute Europako Life proiektua garatzeko, eta bere presentzia Leitzaraneraino sendotzea lortu dute. Baina kopuru aldetik, populazioa kinka larrian dago.

Nafarroako Ingurumen teknikaria eta ikerketa zuzendariak, Josu Elzok azaltzen duenez, azken hamarkadan 300-400 izokin artean zenbatu izan dituzte urtero Bidasoa ibaian. «2021ean dagoeneko aldaketa nabarmena eman zen, 212 zenbatu baitzituzten urte hartan. Hala ere, 2022ko datua izan da 37 urteotako okerrena, 90 izokin baizik ez zituztelako identifikatu». Bestalde, maiatzaren lehenetik uztailaren 31a arte (edo kuota agortu arte) urtero egin izan den arrantza kanpainak eragin zuzena duenik ukatzen du adituak. Hala ere, 2022an kuota agortu gabe 20 besterik harrapatu ez ziren, eta orduz geroztik "lehendabiziko" izokina besterik ez dute arrantzatzen uzten tradizioa atxikitzeko, baina debekua mantenduko dute. Arrantzatzen diren izokin emeen kasuan, haien arrautzak bidean galtzen dituela kontuan hartu behar da. 

Izokina ukitu gabe aztertu

Arrantza jardueraz harago, azken 35 urteetan espezie honen jarraipena eskuz egin dute zientzialariek Bera eta Lesakan. Bertan harrapatu anestesiatu eta datu biometrikoak hartzen zituztela argitu dute teknikariek; pisua, tamaina, sexua, adina, eta abar. Baina ikerketa intrusibo hauek eragin ditzaketen ondorioak saihestu nahi dituzte orain. Horretarako, europar funtsek diruz lagunduta eta Nafarroako Ingurumen eta Landa Garapenaren Kudeaketarako departamenduak bultzatutako proiektu berriari ekin diote.

Teknologia berriei esker, datu hauek guztiak telematikoki eskuratzen ahal dituzte, eta horrela izokinari gizakiekin harreman zuzena suposatzen dion estresa ekidin. Horretarako, ur-azpiko hidrofonoak (mikrofonoak), izokinek gainditu behar dituzten ur-presa ezberdinetan kamera bidezko arrain kontagailu automatikoak, txip eta radiofrekuentzia bidezko RFID antenak baliatuko dituztela argitu du Josu Elzok, ibaiaren puntu ezberdinetan kokatuko dituztenak. 

Dispositibo hauekin izokinen migrazio osoa kontrolatu ahal izango dute, Bidasoa ibaian sortu eta itsasorako bidean diren izokinen kasuan, zein ugalketa garaian itzuli eta Bidasoan hiltzen diren arrainena ere. Argitu dutenez, piszifaktorietan sortutako izokinekin birpopulatzeko ahaleginetan ari diren honetan, ibaian askatuko dituzten milaka izokin horiei txip bat ezarriko diete horretarako. 

Teknikariek iragarri dutenez, bildutako datuei esker izokinen biziraupen-tasa zehaztu ahal izango dute. Eta ugalketaren ondoren errunaldian sortutakoen artean zenbatek lortzen duten itsasora heltzea. Orain arte irailean laginketak egiten zituzten, baina orain zehatz-mehatz jakin ahal izango dute zenbatek bizirauten duten neguan, eta zenbatek egiten duten udaberrian itsasoratzeko bidea.  

Informazioa giltzarri

Alde horretatik, Life Kantauribai proiektuak ikerlariei eskainiko dien informazio kopurua eta zehaztasun mailak ez du aurrekaririk. «Ibaian gertatzen ari denari buruzko informazio baliotsua jasoko dugu, eta hartzen ditugun neurriak benetan eraginkorrak ote diren ondorioztatuko dugu», diote Nafarroako Ingurumen ikerketarako teknikariek. Izan ere, ibaiaren ur-presa ezberdinak gainditzera behartuak daudenez, zentral hidroelektrikoek izokinaren heriotza-tasan eragin zuzena eduki dezaketelakoan daude ikerlariak. Baina daturik gabe ezin dute hau frogatu.

Era berean, populazioaren zifra zehatzak lortuz gero, Bidasoa ibaian errunaldi bakoitzean zenbat arrautz potentzial sortuko diren aurreikusteko aukera emango du ere. Eta izokinaren arrantza eta agindu beharreko kuotak horren arabera egokitu. Zentzu honetan, Elzok azaldu digunez, urteroko arrantza-kanpainari dagokionez, populazioari egokitu ohi zaio beti, baina orain zehaztasun handiagoarekin egin ahal izango dute. 2015ean, adibidez, 83 izokineko kuota ezarri zuten bitartean, 2019an 81ekoa izan zen. 2021eko lehen beherakada nabarmena identifikatu eta gero, 51ra murriztu egin zuten kuota, eta 2022an iada 20 besterik ez ziren arrantzatu, eta agintariek onartutako arrantza-kuota ez zen agortu egin ere.

Irudia: Gloria Nieto. Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxiboa.