Ficobak Enpleguaren XXXII. Astea jasoko du maiatzaren 22an. Bidasoa Bizirik erakundearen eskutik urtean bitan (udazkenean eta udaberrian) enplegatzaileen lan-eskaintzak eta kontratu baten bilaketan dabiltzan herritarrak elkarren harremanetan jartzeko antolatzen duten topaketak 383 lanpostu bilduko ditu oraingoan. Orotara 37 enpresek parte hartuko dutela iragarri dute antolatzaileek, eta hauen eskutik 147 lanpostu profil ezberdinetan banatutako lan eskaintzetan interesa duen orok, aldez aurretik izenik eman gabe hurbildu daiteke Ficobara, Enpleguaren Astearen egunean bertan.
Udaberriko topaketan udako lanpostu eta sasoilari eskaintzari lotuagoak dauden lan-eskaintzak izan ohi badira ere, oraingo honetan, proposamenak sektore askotarikoak dira. Azaldu dutenez, logistikaren eta garraioaren arloan (%16), handizkako azaleretan (%15,5), zerbitzu ezberdinetan (%17), ostalaritzan (%10) eta gizarte-osasun arlokoak (%9).
Nuria Alzagak, Bidasoa Bizirikeko presidenteak azpimarratu duenez, «ekitaldi honek enpresei behar duten talentua aurkitzea ahalbidetuko die, eta lan bila ari diren pertsonei beren gaitasun eta prestakuntzara egokitutako enplegua eskuratzeko aukera erreala eskainiko die». Hartara, aski frogatutako formula dute honakoa. Izan ere, 30 edizio baino gehiagotan eskualdeko enpresek dituzten beharrei erantzuten dieten lanpostuetarako lan elkarrizketak egin, lan poltsa osatu edota kontratazioak egiten baitituzte.
Nuria Alzagak argitu du, azken urteotan Enpleguaren Asteak partaideen kopuruan eta eskainitako aukeretan hazkunde nabarmena izan duela. 2024ko edizioetan, adibidez, 250 lanpostu baino gehiago kudeatu zituzten, eta pertsona askok lehen elkarrizketa bat ala kontratu egonkor bat lortzeko aukera izan zuen ekitaldiari esker. 2023an ere hurbildutako herritarren %80tik gora lan elkarrizketa bat egiteko aukera izan zuen, eta ororen %23ak kontratu bat lortu zuen.
Mugaz gaindiko izaera
Bestalde, Enpleguaren Asteak beti izan du mugaz gaindiko lan merkaturatzeko helburua. Eta horretarako, oraingo honetan ere, Lanbide-Eures, France Travail eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak parte hartuko dute. Eta nazioarteko mugikortasunean ez ezik, atzerriko tituluen homologazioari buruzko informazio emango dute Adiskidetuak Elkartea eta Bidez Bide zerbitzuko adituek ere parte hartuko dute. Gogoan hartu, nolanahi ere, azken eragile honek Irungo Emakumeen Etxean astero aholkularitza zerbitzua eskaintzen duela.
Era berean, aurten curriculum eta sare profesionaletarako argazki profesionalaren zerbitzua debalde eskainiko dute, eta behar izanez gero, curriculuma inprimatzeko prestatutako espazio bat ere egokituko dute. Horretarako, curriculuma hobetu edo sortu nahi dutenek hitzordua eska dezakete azokaren eguna baino lehen, Bidasoa Bizirikeko orientazio-zerbitzura deituz, telefono honetara: 943 50 96 00