Gipuzkoan aldaketa kolektiborako inbertsio estrategikoa egingo du Kutxa Fundazioak

Antxeta Irratia 2025ko mai. 6a, 10:35

Kutxa Fundazioak Gipuzkoa Aliantzan 2025 izeneko ezohiko laguntza-programa abiarazi du. 3 milioi euro bideratuko ditu, arteen, kulturaren eta zientzien inguruko interesa eta jakinmina sustatzen duten ekimenak, eta Gipuzkoan eragileen arteko lankidetza bilatuz eraldaketa ekosoziala zabaldu dezaketen proiektuak diruztatzeko. Gaur ireki da proposamenak aurkezteko epea, eta irailaren 30era arte izango da horretarako aukera.

Berrikuntza sozialaren alorrean orain arte bultzatutako ekimen garrantzitsuenetakoa dela nabarmendu du Kutxa Fundazioko Garbiñe Etxezarretak. Era berean, lehentasunezko ardatz gisa ere ezarriko dute, pertsonen eta erakundeen gizarte eta ingurumenari dagokion konpromisoa indartzea, eta 2030 Agendaren helburuak lortzeko inplikazioa.

Erronka horretan, garrantzi berezia hartzen du Garapen Jasangarrirako 18. Helburua (GJHa) aktibatzeak, hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta onarpena bermatzen baitu garapen pertsonal eta sozialerako ezinbesteko faktore gisa. Aldi berean, pentsamendu kritikoa, aniztasuna, berdintasuna eta feminismoa, baita jasangarritasuna, euskara, kultur ondarea eta gobernantza ireki eta kolaboratiboa ere. 

Elkarlana bultzatuko duten proiektuak diruztatuko dituzte, sinergiak bilatuz, eta hirugarren sektoreko erakundeak, administrazio publikoak, ikastetxeak, enpresak eta herritar antolatuei zuzenduta, aurkeztutako proiektuen aurrekontuaren %80 emango die, gutxienez 500.000 euro proposamen bakoitzeko. Etxezarretak azpimarratu duenez, «ekimen honekin urrats bat eman nahi dugu lankidetzan, berrikuntzan eta eragin kolektiboan oinarritutako gizarte-ekintzaren eredu baterantz». Izan ere, programa honek gonbidapen irekia izan nahi du Gipuzkoa bidezkoagoa, konprometituagoa eta erresilienteagoa izan dadin, egungo eta etorkizuneko erronken aurrean.

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 6 honetan ireki dute, eta irailaren 30eko 14:00ak arte zabalik egongo da Kutxa Fundazioaren webgunean www.kutxafundazioa.eus. MInteresa agertu dezaketen eragil eta erakundeei zuzendutako informazio bilera antolatu dute maiatzaren 29an, zalantzak argitzeko eta elkar ezagutuz aliantzak errazteko. Iragarri dutenez, 9:30etik 13:00etara izango da, Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, Tabakalera eraikinean.