Erlojupeko batekin eman zaio hasiera 2025eko Bidasoa Itzuliari. 20 urte ziren ez zela horrelako etaparik jokatzen proba honetan eta aurten, arrazoi desberdinak direla medio, erlojuaren kontra aritu dira 126 txirrindulari. Guadalupeko Santutegitik Jaizkibelgo leporaino dauden lau kilometroak izan dira neurria tropelarentzat, 15:45ean lehen dortsala duen Mikel Irigoien beratarra abiatu denetik. Horrelako probetan ohikoa den bezala, garaipena eskuratzeko aukerak zituzten txirrindulariak bukaera aldera atera dira ibilbidea osatzera eta hor ikusi da benetazko lehia.
AVC taldeko Dorian Martinok eduki du denborarik onenaren marka, eta behin-behineko irabazlea izan da tarte batez, 8:44,73. Hala ere, gibeletik Finisher taldeko Unai Ramos etorri zaio eta, 8:30,48ko denborarekin, lehen postua ostu dio nafarrak. Edonola ere, bertze txirrindulari batek zuen begiz jota gaurko garaipena eta Eulen NUUK taldeko Charlie Meredithek hasieratik erakutsi du irabaztera zihoala. Ia hamar segundutan hobetu du Ramosen marka eta, 8:20,17ko denbora lortuta, bera jarri da sailkapeneko lider. Euskadi taldeko Aitor Agirre zumaiarra zen gaurko faborito nagusietako bat. Gaur egungo erlojuaren kontrako Espainiako txapelduna da, eta pasa den urteko Bidasoa Itzuliko bigarren etapako garailea. Berak zuen bere baitan Meredith lehen postutik kentzeko ardura, baina ez da posible izan. 8:41,42ko denbora eginda, zazpigarren postuan sailkatu da Agirre.
Meredith da beraz, Bidasoa Itzuliko lehen liderra, gaurko lehen etapan garaipena eskuratu ostean. Lehen euskaldunaren saria ere banatu dute gaurkoan eta hori Unai Ramosentzat izan da. Txirrindulari gazteena berriz, Luis Alberto Lajarin izan da, Ramosen taldekidea, eta talderik onena momentuz azken bi hauena, Finisher taldea. Bidasotarrei dagokionez, Eibar Txirrindularitza taldeko Mikel Irigoien beratarra, 107. postuan sailkatu da, 9:59ko denborarekin. Hostal Latorre taldeko Mikel Bermejo irundarra berriz, 105. izan da, 9:56ko denbora eginez. Azkenik, talde bereko Ivan Gomez hendaiarra 124. postuan sailkatu da, 10:47 minuturekin.
Lehen eguna pasatuta, balorazio positiboa egin du Jorge Garcia Bidasoa Itzuliko zuzendariak: “Hilabete askotako lanak azkenean emaitza txikia izan du, erlojupekoa. Esperientzia berria zen guretzat, tokiagatik batez ere. Zailtasun handiena estaldurarik gabe egon garela izan da, baina moldatu gara eta pozik gaude”. Aurten, Bidasoa Itzulia modu xumean osatu dutela ere gaineratu du Garciak eta bertan inplikatu den erakundeei eta laguntzaile guztiei eskerrak emateko parada aprobetxatu du. Kirol emaitzari dagokionez, pozik azaldu da baita ere Garcia: “Eulen NUUKek duela urte pilaren ondoren garaipen bat eskuratu du hemen eta pozgarria da. Itzulia irekita dago eta bihartik aurrera, Amaiurreko lehenengo zeharkaldiaren ondoren, norbait mugitzen hasiko dela ikusiko dugu”.
Bigarren etapa Iruritatik Berara
Bihar, maiatzaren 9an, Bidasoa Itzuliko bigarren etapa ospatuko da, Nafarroan bere osotasunean. Iruritan hasi, 14:00etan, eta Beran bukatuko da, 17:43ak aldean. Iruritatik Elizondora joanen da lasterketa eta handik, Amaiur zeharkatuko du tropelak lehen aldiz. Ondotik, Arizkun, Elizondo, Irurita eta Oronoz-Mugaire pasatu, eta Malerrekarako bidea hartuko du lasterketak. Donezteben sartuta, Saldiaseko mendatea etorriko da ondotik, bigarren mailakoa, eta bueltan berriz ere Baztanera sartuko dira txirrindulariak. Oronoz-Mugaire, Irurita, Amaiur, Elizondo, Irurita eta Oronoz-Mugaire zeharkatuko dituzte berriz ere eta Doneztebe eta Sunbila pasatuta, Bortzirietara joanen da tropela, Berako Eztegara Pasealekuan bukatzeko. Guztira 140,4 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek eta Iruritan izanen dituzte tarteko helmugak kokaturik, Saldiaseko mendatean berriz, mendiko saria.
Txirrindulari azkarrenek etapa irabazteko eta liderraren maillota janzteko aukerak izanen dituztela dirudi, baina eguraldiak ere eragina izanen du. Jorge Garciak onartu du ez duela eguraldiaren iragarpenik ikusi, baina ziur dagoela segurtasun berme guztiak emanen direla biharko etapan. Amaiur seinalatu du zuzendariak, baita Saldiaseko mendatea ere: “Amaiur hor dago. Lehen pasaerak ez du askotarako mango, baina azken pasaldiak min handia egin dezake. Bukle bat dago bertan eta berando doaztenak kanporatu beharko ditugu. Saldiasek ere mina egin dezake. Azken kilometroak gainera, oso azkarrak izanen dira, Berara bidean”. 27 urteko Charlie Meredith horiz jantzita aterako da biharko etapan eta horrek kontrolpean edukitzera eramango ditu bertze guztiak. Hala ere, azkarrenek ongi aprobetxatu beharko dute Berako helmugan besoak altxatzeko aukera bakarra.