Euskal Herri osoko 196 pertsonaia publikok Aroztegiko auziperatuen absoluzioa eskatu dute

Paola Oskoz 2025ko mai. 14a, 09:26

Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra Iruñeako Nafarroako Auzitegi Nagusian, 2021ean Aroztegiko obren kontra egindako kanpaldiagatik. Bortxazko delitu larriak eta talde kriminal antolatu bat izateagatik epaituko dituzte. Honen kontra Euskal Herri osoko 196 pertsonaia publiko agertu dira, eta atzo goizean elkartasun osoa adierazi zieten auziperatuei Iruñeako Katakrak elkartean. 

Iruñeako Katakrak elkartean egin zuten atzo goizean agerpena, Euskal Herri osoko 196 pertsonaia publikok sinatutako manifestuaren berri emateko. Maiatzaren 19tik 23ra Baztango zazpi herritar epaituko dituzte 2021ean Aroztegiko obren kontra egindako kanpaldiagatik eta horien absoluzioa eskatu dute manifestuan, «desobedientzia zibila ez da delitua, eskubide sozial beharrezko eta zilegia baizik», aldarrikatuz.

Hemen irakur daiteke manifestua osorik:

"Desobedientzia zibila ez da delitua, eskubide sozial beharrezko eta zilegia baizik. Eta hori aspalditik gauza jakina den arren, Aroztegiko pelotazoaren kontra protesta eginiko zazpi lagun kartzelako bidean jarri nahi dituzte heldu den astean. Epaitegietan justiziarik egonen balitz, hori ez lukete onartu.

Baztango Lekarozko herrian luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet egin nahi zituen Palacio de Arozteguia S.M. enpresak. Denbora joan ahala, bistan gelditu da adreilu eta turismoaren garapen eredu hori jasanezina dela,baita gure amaren etxea defendatzea ezinbertzekoa dela etorkizunik nahi badugu. Gainera, espekulazioan oinarritutako proiektua izan da Aroztegikoa, lurren birkalifikazioaren jokaldiaren bitartez. Baztandarrak aurka agertu dira behin eta berriz, baina, UGEP moduan tramitatuz, erabakimena eta hitza kendu zaizkie. Ahoan mozala.

2021ean hondeamakinak Aroztegiko parajean obretan hasi ziren eta herritarrek gelditzen zitzaien azken aukera baliatu zuten beren iritzia agertzeko: makinen aitzinean eseri eta protestatzeko kanpaldia egitea. Jende andanak parte hartu zuen bertan bere desadostasuna erakutsiz modu demokratikoan. Baina, zazpi baztandarri akusazio gogorrak egin dizkiete: bortxa eta derrigortze delituak eta talde kriminala osatzea. Eskuetan giltzarrapoak.

Denetara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000€ko fidantza eskaerak. Eta arriskua oraino handiagoa da: diru publikotik aberasteko sukarrean, enpresak 43 milioi euroko konpentsazioak eskatu dizkie Nafarroa eta Espainiako Gobernuei eta badakigu milioiak eskatu nahi dizkietela auzipetuei ere. Makinen aitzinean eseri baziren ere, enpresak proiektu osoa beraien erruz porrotera joan zela justifikatu nahi du, gero kostuak, asmatutakoak barne, haien bizkar botatzeko. Bizi osorako zigor ekonomikoa.

Erraten denez, bidegabekeria lege den munduan justizia defendatzen dutenen tokia kartzela omen da. Diru publikoaren kontura aberastea libre da, protesta egitea berriz, ilegala. Zentzugabekeria hori Euskal Herrian ez ezik, munduko hainbertze tokitan ikusi da azken aldian, ingurumenaren defentsaren eta herri mugimenduen aurkako errepresioan. Horrekiko kezka burutan, otsailaren batean 18.000 lagun eta 140 eragilek Iruñean beren babesa erakutsi zieten akusatuei.

Gaur manifestu hau sinatzen dugun 196 lagunok ere gure elkartasuna adierazi nahi diegu Baztango zazpi auzipetuei eta nabarmendu nahi dugu herri batek eginiko desobedientzia zibila ezin dela kriminalizatu, horrek, gainera, aurrekari arras kezkagarria sortuko duelako adierazpen askatasun eta eskubide demokratikoei dagokienez. Horregatik guziagatik, manifestu hau sinatzen dugunok ozen eta argiki aldarrikatu nahi dugu: ABSOLUZIOA AROZTEGIKOENDAKO!"

Hau da manifestua sinatu duten Euskal Herri osoko pertsonaia publikoen zerrenda: