Sambou, Laida, Nassim, Tania, Nerea eta Mikel dira Faisaien Irla film luzeko pertsonaia nagusiak. Eta pertsonaia horien gibelean, Sambou Diaby, Jone Laspiur, Ibrahima Koné, Itziar Ituño, Aia Kruse eta Ximun Fuchs daude. Aktore profesional eta hasi berrien nahasketa du castingak, eta garrantzia berezia eman zion proiektua pentsatu zuenetik horri Asier Urbieta zuzendariak. Hark ere, lehen film luzea baitu.
Motxila edo bizipen karga handia dute pertsonaia batzuek, ezkutuko sufrimendu nabarmena, bertze batzuek, gaztetasunari loturiko ilusio eta amorrua. Pertsonaia horiek nola pentsatu eta idatzi zituen kontatu dio esklusiban Asier Urbieta zuzendariak Antxeta Irratiari, eta aktore lana nolakoa izan den ere aipatu dute Sambou Diaby, Jone Laspiur eta Itziar Ituñok.