NATURA ONDAREA: IZKI Parke Naturala

Aitor Errazkin 2025ko mai. 23a, 16:00

Izkiko parke naturalaren elementu bereizgarrienak basoak dira. Zuhaizti trinkoak Izki ibaiak eta horren ibaiadarrek eratutako lautada hareatsu zabalean hazten dira. Lurzoru motak eta horien egiturak direla eta, landare eraketak ere askotarikoak dira, baina, guztietan, ameztiak ditugu nagusi. Izkiko parke naturalean, Europar Batasunaren intereseko 30 habitat aurkitu dira eta horietako 10 lehentasunezkoak dira, hau da, galzorian dauden habitatak dira Europar Batasunaren eremuan. Habitat aniztasun horretan, flora eta fauna espezie interesgarri ugari bizi dira.

Florako espezieen artean, Olandinako urmaelean hazten den igebelar zurien populazioa nabarmendu behar dugu, hura bakarra baita Euskal Autonomia Erkidegoan eta handiena Iberiar penintsulan. Faunari dagokionez, Izkin bizi diren ornogabeen espezieetan, intsektu saproxilikoak (egur hila edo usteltzen ari dena jaten dutenak), burruntziak eta sorgin-orratzak azpimarratu behar ditugu. 12 anfibio talde daude Izkin eta haietatik hiru Euskal Autonomia Erkidegoko espezie mehatxatuen katalogoan ageri dira: baso igel jauzkaria, apo lasterkaria eta hegoaldeko apo pintatua. Ugaztunei dagokienez, saguzarrak eta bi mustelido espezie erdi-urtar aipatu behar ditugu: bisoi europarra eta igaraba.
Hegaztiei gagozkiela, berriz, okil ertaina nabarmendu behar dugu, kontuan hartzeko moduko populazioa baitauka hemen, estatuko populazioak aintzat hartuta. Beste alde batetik, Izkiko parke naturala interes bereziko eremua da sai zuriarentzat eta sai arrearentzat. 
Edu Zabala Garagartza 

Dokumentua ikusteko: DB20-GURE BAZTERRAK: IZKI Parke naturala 
Harremanetarako:        basobiziakplataforma@gmail.com
Web orria:                     https://www.basobiziakplataforma.org/ 
Telegrameko kanala:   https://t.me/basobiziakplataforma 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!