Txingudiko Zerbitzuak langileen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia bertan behera utzi duela salatu du ELA sindikatuak. Argitu dutenez, joan den ostiralean, maiatzak 16, hitzartua zuten bilera «posta elektroniko baten bidez eta hitzordu berririk proposatu gabe» deuseztatu egin du enpresak. Martxoaren 24an bildu ziren aurreneko aldiz, baina LAB sindikatuak oraindik aldarrikapenak egin gabe zituenez, eta Aste Santua tartean zegoela argudiatuz, enpresak hurrengo mahaia maiatzaren 16ra atzeratzea erabaki zuen. Baina hau ere, azken unean eta arrazoirik argudiatu gabe bertan behera utzi du.
ELA sindikatuak, honakoa «langileenganako errespetu falta onartezina» dela ulertzen du, eta Txingudiko Zerbitzuek «negoziazio zintzoa» martxan jar dezala exijitzen du. Langileak mobilizatzen hasi direla ohartarazi dute, joan den ostiralean, 9:30ean, Olaberria auzoko Txinzer-en egoitzaren aurrean aurreneko elkarretaratzea egin baitzuten. Eta ELA sindikatuak ohartarazi du mobilizazioekin segitzeaz gain, ekainean lanuzteak aurreikusten dituztela.
Alde horretatik, Txingudiko Zerbitzuak sozietate publikoaren zuzendaritza lan hitzarmenaren negoziaketa oztopatzen ari dela salatu du ELAk. Mahaia osatu eta martxoaren 24ko aurreneko bileran, sindikatuak langileen eskaerak jakinarazteko aldarrikapen plataforma aurkeztu zuela argitu dute. Azken urteetan langileek galdutako erosahalmenaren berreskurapena, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitik dauden soldata igoerak, plusak, bajak %100 osatzea baldintzarik gabe, jardunaldi murrizketa, enpresak hitzarmena aplikatzeari uztea ekiditeko klausula, ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat aldarrikapen, telelana, taulan baliokideak diren kategorien ekiparazioa eta azpikontratazioa mugatzea aldarrikatzen ditu, besteak beste.
ELAk azaldu duenez enpresak bilera egiteko ekaineko Administrazio Kontseilura itxarongo dutela argudiatu du. Baina 8 asteko epea egin beharreko bilera edota kontrasteak egiteko nahikoa denbora dela uste du sindikatuak, eta haien ustez «hitzarmenaren negoziaketan denbora luzatu eta oztopatzeko helburua dago honen atzean».