Aroztegiko auziperatuen kontrako epaiketaren bigarren eguna izan zen atzokoa- Goizeko 9etan, akusatuak epaitegira sartu ziren berriz ere, guardia zibilen lekukotasunak aditzera. Bitartean, Aroztegia Elkartasun Komitekoak Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean bildu ziren berriz ere, bigarren egunerako preestatuko egitarauarekin hasteko. Komunikabideekin solasteko tartea ere hartu zuten zenbait kideek, eta lehen eguneko laburpena egiteaz gain, bigarrenaren aurreikuspena ere egin zuten, Oiher Urrutiak eta Xabier Ertzek.
Hamahiru guardia zibilek deklaratu zuten atzokoan, 2021ean Elizondon, Urdazubin, Oronoz-Mugairin, Iruñean eta Etxalarren lanean aritu zirenak. Testigantzetan, astelehenko lekukoek erran zutenetik guztiz urrundu ziren. Hain zuzen ere, astelehenekoek nabarmendu zuten auzipetuak talde antolatu baten partaide zirela, eta langileak eta poliziak etengabe mehatxatzen zituztela.
Guardia zibilek nabarmendu zuten ez zela bortizkeriarik egon bertaratu zirenen aldetik. Are, Elizondoko kuartelean aritzen zen guardi zibiletako batek nabarmendu zuen protestan ari ziren horien jarrera «baketsua» zela. Bertze batek gaineratu zuen ez zuela jenderik ikusi makinen gainean, asteleheneko narratibatik guztiz aldendurik. Iruñean lanean zegoen bertze polizia batek azpimarratu zuen bertakoak makinen aitzinean jartzen zirela, indarkeria erabili gabe. Bertze lekuko batek, bertan zeudenen «jarrera pasiboa» seinalatu zuen, eta gehitu zuen eserita eta beren artean solasean zeudela, inongo biolentzia kutsurik gabe.
Etxalarko kuartelean lan egiten zuen polizietako batek, bertaratutako egun batean pertsona gehienak identifikatu zituela erran zuen. Hura izan zen Ahotsako kazetaria salatu zuena, debekatutako leku batean egotea egotzita. Protestariek mehatxuzko jarrera zutela erran zuen eta auzipetuetako bat burutzat jo zuen. Solastatu diren gehienen artean nabarmena izan zen bertze norbaiten hitzak erabiltzen zituztela zenbait ekintza deskribatzeko; hots, hirugarren baten hitzetan ari zirela. Gehienek zioten kalteak ikusi bazituzten ere, ez zutela inor ikusi kalte horiek egiten.
Atsedenaldia eta gero, azken bi lekukoak solastatu ziren. Lehendabizikoak soilik, salaketaren tramitazioa egin zuela aipatu zuen, Bigarrenak, bideo eta argazki batzuen bidez akusatuetako zenbait lagun identifikatu zituela erran zuen. Hala ere, onartu zuen ez zela gai denak identifikatzeko. Horretarako, herriko hirugarren pertsona batzuen laguntza behar izan zuen, ez zuen ordea adierazi zein izan ziren identifikazio horiek gauzatzeko laguntzaileak.
Erran bezala, atzoko testigantzek buelta eman zioten astelehenean egindakoari. Astelehenean eman zitzaion hasiera Euskal Herriko militantzia eta herri mugimendua jo puntuan jarri duen bortz eguneko epaiketari. Saioa hasi bezain pronto akusazioak ateak hetsita egiteko eskatu zuen, baina epaileak ezezkoa eman zion ez baitzuen inolako arriskurik ikusten. Akusazioen lekukoek zuten astelehenean deklaratzekoa. Horietako batzuek telematikoki deklaratzeko eskaera egin zuen, Jose Mari Martin Otxandorena, akusatuekin aurrez aurreko konfrontazioa saihesteko, auzipetuen aldetik jazarpena sufritu duela argudiatuta, mehatxuak zein irainak medio. Epaileak eskaera onartu zuen.
Bi guardia zibilek hartu zuten hitza lehendabiziko. Adierazi zuten, lanak hasi eta biharamunean salaketak jaso zituztela seinaleak kentzen zituztelako. Auzipetutako batek proiektuaren kontrako oposizioa zuzentzen zuela erran zuten, bideo eta elkarrizketen bitartez identifikatu zuten. Talde antolatua dela aipatu zuten, beraien ohiko narratibari jarraiki: “Oposizio zibil oro antolatua da, eta ez da talde baketsu bat”. Gehitu zuten obrak ilegalak badira jarraitu beharreko prozedura salaketa jartzea dela, eta ez derrigortze ekintzak.
Ildo beretik, Salvador Urbistondo Arotzarenak, konpentsazio batzordeko lehendakaria izanak eta gaur egun proiektuko sozioa denak, adierazi zuen proiektua Nafarroako Gobernuko babesean egin zela eta gaur egun ere haren babesa duela. Jakina da, ordea, 2022ko otsailean Nafarroako Auzitegiak baieztatu zuela obrak legez kanpokoak izan zirela; epai hori urtebete berandu iritsi zen; agerian utzi zuen justizia sistemaren eraginkortasun falta. TEX enpresako gerenteak, ildotik atera gabe, deklaratzerakoan berretsi zuen obrak hasteko beharrezko baimenak zituztela.
Enpresaren bigilantziarako kontratupeko langileak hartu zuen hitza gero. Bortz auzipetu identifikatu zituen, erranez talde antolatua zela, eta akusatuetako bat zuzendaritzat jo zuen, guardia zibilek zuzendaritzat jo zuten pertsona berdina.
Ondoko lau lekukoek ukatu zuten obrak ilegalak izatearen jakintza, agerian utziz orain arte defendatu nahi izan duten narratibaren logika. Gailendutako narratibatik urrundu zen TEX enpresako operario izandako gizon bat: adierazi zuen ez zuela mehaxurik jaso, ez zuela bere burua arriskuan ikusi eta obrak gelditzeko formak baketsuak izan zirela.
Azken testigantza horrekin bukatu zen asteleheneko saioa, eta zazpi auzipetuak txalo artean jaso zituzten herritarrek. Narratiba bakarra nagusitu zen deklaratu zuten lekuko gehienen aldetik: akusatuak talde antolatu baten partaide direla erratea, eta obrak legalak izan zirela defendatzea. Behin eta berriz errepikatuko dute Aroztegiko Elkartasun Komitekoek hau ez dela zazpi herritarren kontrako auzia, herri oso baten kontrakoa baizik.
Epaiketa aitzinera eramaten den bitartean, hasieran aipatu bezala, Aroztegia Elkartasun Komiteak zenbait ekitaldi antolatu ditu aste osorako. Atzokoan, euskarari eta kulturgintzari egin zioten tartea. Lehenik Julio Sotok bertso sorta bat eskaini zien bertaratutakoei. Honen odnotik, Joseba Tapiak trikitixa hartu eta zenbait kantu jo eta abestu zituen. Hasieran, jendeak lotsati parte hartu zuen kontzertu txiki horretan, baina kantuek aitzinera egin ahala, zenbaitek dantza eta kantuak aritzeko aukera aprobetxatu eta kalejira luze batekin bukatu zuten emanaldia.
Azkenik, eguneko bezala, 11:00etan mahai ingurua ospatu zen. Euskara eta kulturgintza izan zuten hizpide atzokoak, Intza Gurrutxaga eta Gorka Torrek Euskal Herrian Euskarazeko kideak, Sagrario Aleman Euskaltzaindiako kideak eta Ihitz Iriart Amaren Alabak taldeko kideak. Solasaldia interessaria eskaini zuten eta Aroztegiaren auziarekin lotu, Gurrutxagak eta Torrek goizean goiz azaldu zuten moduan.
Honen ondotik, gaurkoan hirugarren egunari ekin diote. Baztandik kotxe karabana egin ondotik, elkartasuna adierazi diete auziperatuei, epaitegiaren atean eta 11.00etan, sindikatuekin maha ingurua izanen dute gaurkoan. Steilas, LAB, EHNE, ELB eta ELA sindikatuetako ordezkariak izanen dira bertan.