Foruzaingoek ere Aroztegiko proiektuaren kontrako mobilizazioak baketsuak izan zirela onartu dute

Paola Oskoz 2025ko mai. 22a, 09:49

Foruzaingoez gain, Baztango eta Lekarozko alkate oihek eta bi kazetarik deklaratu zuten lekuko gisa. Kanpoan berriz, sindikatuetako ordezkariek osatu zuten eguneko mahai ingurua eta Porrotxen bisita ere jaso zuten. 

 

07:30ean egin zen hitzordua Elizondoko plazan, eguneko bezala, epaitegira hurbildu nahi zutenen artean auto karabana egiteko; 08:30ean jendea biltzen hasi zen Justizia Jauregiaren parean. Atzo ere jendetza bildu zen epaitegiaren aitzinean egin zuten elkarretaratzean eta auzipetuak txalo artean sartu ziren barrenera.

Aroztegiko auzia ertz ugari dituen borroka dela adierazi nahian, egun bakoitza borroka ildo batekin gorpuzten ari da; atzokoan Euskal Herriko sindikatuek hartu zuten hitza. Hartara, 09:00etan mahai inguruan parte hartuko zuten hiru sindikatuetako kideak mintzatu ziren lehenik: ELAko Unai Pascual, LABeko Iratxe Delgado eta Steilas sindikatuko Raul Lopez. Zazpi auzipetuei elkartasuna adierazi diete.

Indarkeriarik ez zela egon berretsi dute foruzainek

Foruzainak izan ziren deklaratzen lehenak. Bortz foruzainek eman zuten lekukotasuna, bortzak 2021ean Elizondoko komisarian lanean ari zirenak. Asteazkenean Guardia Zibilek errandakoaren bidetik mintzatu ziren, astelehenean deklaratu zuten lekukoek erran zutenetik guztiz urrunduz. Herenegun deklaratu zutenek nabarmendu zuten talde antolatu baten partaide zirela auzipetuak, eta langileak eta poliziak etengabe mehatxatu zituztela. Asteartean eta asteazkenean deklaratu zutenek, aldiz, protestan ari zirenek ez zutela indarkeria erabili erran zuten, eta kalteak ikusi bazituzten ere, ez zutela inor ikusi kalte horiek egiten.

Atzo deklaratu zuten bortz foruzainetatik hiru apirilaren 9an izan ziren Aroztegiko eremuan Guardia Zibilak deituta. Hiruek deklaratu zuten bi talde ikusi zituztela Aroztegiko inguruan. Alde batetik 20 laguneko talde bat eta, bertzetik, 15 lagun inguruko bertze talde bat. Talde horiek makinen aitzinean eserita zeudela nabarmendu zuten, eta «jarrera baketsua» zutela. «Ez nuen inolako indarkeria ekintzarik ikusi, jarrera atsegina zuten, baita gurekin ere», deklaratu zuen horietako batek. Langileekin mintzatu zirela ere azaldu zuten, eta ezin zutela lanik egin adierazi zietela. Hiruek nabarmendu zuten indarkeriazko ekintzarik, irainik edo mehatxurik ez zutela ikusi. 

Gainerako bi foruzainak arratsez egon ziren Aroztegiko eremuan, hauek ere Guardia Zibilak eskatuta, apirilaren 19an. Aroztegiko inguruan linternen argiak ikusi zituztela azaldu zuten eta horregatik deitu zituztela, baina ez zutela bertara ailegatzerik lortu errepidean arbola bat zegoelako «bidea moztuz». Inguruan ez zutela «inor ikusi» erran zuten biek. 

Defentsaren lekukoen hitzak

Fiskaltzaren lekukotasunen ondotik, defentsaren lekukoak izan ziren hurrengoak deklaratzen. Joseba Otondok, 2015-2023 agintaldian Baztango Udaleko alkate izandakoak, eta Ernesto Pratek, obrak hasteko momentuan Lekarozko zinpeko alkate izan zenak deklaratu zuten. Otondori UGEParen kudeaketaren inguruan galdetu zioten, baita obren hastapenaren nondik norakoen inguruan ere. Ildo horretatik, UGEPari lotuta udalak egindako alegazioei buruz mintzatu zen. Bertzetik, Aroztegia eta gero zer? plataforman izandako parte hartzearen inguruan galdetu zioten, eta Otondok, elkarte legal bat zela azpimarratzeaz gain, plataforma horretan inolako lidergorik ez zegoela azpimarratu zuen, eta erabakiak modu horizontalean hartzen zirela. 

Aroztegiko lanen hasierari buruz ere galdetu zioten, eta azaldu zuen lanen hasiera legez kanpokoa izan zela, baldintzen plegua betetzen ez zuelako eta, beraz , «ez zutela espero» lanak hastea. «Enpresa sustatzaileak erabaki zuen auzitegietara jotzea, eta auzitegiek enpresaren kontra jo zuten».

Astelehenean, enpresarendako zaindari lanetan aritu zen langilek telematikoki deklaratu zuen auzipetuen aldetik jazarpena sufritu zuela. Irakurketa horretatik urrunduta, Pratek, garai hartako Lekarozko alkate bezala, zaintzarako kontratatutako langile horrek herriko jardueratan normaltasunez parte hartzen duela gaur azaldu zuen. Akusazioak Prati bere bikotekideak Aroztegia eta gero zer? plataformarekin zuen harremanaren inguruan galdetu zion, eta baita ea berak parte hartzen zuen Aroztegiaren kontrako ekintzetan ere. 

Horren ondotik, Ahotsa.info hedabideko Iñigo Orduña kazetariaren txanda izan zen. Aroztegian apirilaren 9an eta 19an izan zela esplikatu zuen eta bertan ikusitakoaz galdetuta, enpresako langileen kontra berak ez zuela irainik ez mehatxurik ikusi erran zuen, eta Foruzaingoa eta Guardia Zibila bertan zegoela. Joseba Igarabide, Xaloa Telebistako zuzendaria, izan zen deklaratzen azkena. Nabarmendu zuen prentsak ez zuela deialdirik hartu obrak geldituko zirela erranez.

Lekukoak mintzatuta, akusazioaren eta fiskaltzaren eskariz, zortzi ikus-entzunezko paratu zituzten proba gisa. Luze joan da zati hori, interpretea momentuan aritu baita dena itzultzen. Aroztegiko Elkartasun Komitetik salatu zuten «froga hauei zein deklarazioei dagokienean hizkuntza baldintzak desegokiak izan direla epaiketa behar bezala gauzatzeko». 

Goiz osoan egon ziren herritarrak epaitegi aitzinean eta, auzipetuak ateratzean, txalo artean eta txalaparta doinuekin hartu zituzten. Gaur izanen da epaiketako laugarren eguna, eta akusatuek hartuko dute hitza. 

Sindikatuak mahaiaren bueltan

LAB, ELA, Steilas, EHNE eta ELBko kideak elkartu ziren gaur mahai inguruan, landa eremuko langileen egoeraz mintzatzeko: Iratxe Delgado, Ainara Plazaola, Raul Lopez, Patxiku Irisarri eta Panpi Santamaria, hurrenez hurren.

ELAk eta LABek bat egin zuten erranez langileen bizkar, enpresak gero eta aberatsagoak direla, eta langileen egoera gero eta prekarioagoa. EHNE eta ELB sindikatuek, berriz, nabarmendu zuten laborantza estentsiboaren gorakada medio, lehenbiziko sektoreko langileen prekarizazioak gora egin duela. Beren irudiko, Europako nekazaritza politikek nekazari txikia «galbidean» utzi dutela, eta lurra elikadurarako erabili beharrean, porlanez betetzen ari direla. Goizeko hitzartzearen bidetik, mahai inguruan ere Steilas sindikatuko ordezkariak adierazi zuen kapitalismoa eta trantsizio ekosoziala ez direla bateragarriak. Elikadura burujabetzarekin lotutako politiken beharra aipatu du, eta bizitzarako funtsezkoak diren sektoreak indartzeko eta duintzea ezinbertzekoa dela; ELAk eta LABek bat egin zuten.

Solasaldiaren bukaeran Porrotx ailegatu zen, eta txalo artean egin zioten harrera Justizia Jauregiaren parean bilduta zeuden herritarrek. Goiza goxatu, eta epaitegi barnekoei kantu bidez elkartasuna adierazi zien. Bukatzeko, goizean Antsoainen gauzatu zen etxegabetze baten harira, elkartasuna adierazteaz gain, Haritu Sindikatuak arratsaldean deituriko manifestaziora bat egiteko deia luzatu zuen Elkartasun Komiteak.

Gaurko ere egitarau zabala prestatu du komiteak: 

  • 07:30ean auto karabana Elizondoko plazatik.
  • 08:45ean auzipetuei babesa adierazi.
  • 09:00etan kolektiboen adierazpenak.
  • 11:00etan mahai ingurua: ONEKA, Jardun, Baztan-Bidasoa Aldeko Pentsionistak eta EHko Etxebizitza Sindikatu Sozialista.