Joan den larunbatean Osasuna Promesas taldearen kontrako partida amaitu bezain pronto, Stadium Galeko harmailak bete zituzten zale txuribeltzak burumakur atera ziren, jokalari eta klubeko famili zabal osoak bezala, mailari eusteko aukera galdua zelakoan. Baina asteak aurrera egin ahala "Lezamako Miraria" posible dela sinesteko prozesua egin dute, jokalariek ez ezik, zaleek ere.
Larunbatean 19:00etan Athletic Bren kontrako partidan Real Unioneko lehen taldearen etorkizuna jokoan dago, eta zaleek ondo dakite. Igor Emery presidenteak, udal ordezkariekin batera, etxeko azken partidaren aurretik egindako harmailak betetzeko deialdian esan zuen bezala, "Real Unionek behar izan duenean Irun osoak erantzun izan du beti". Eta oraingo honetan, etxetik kanpo ere, zaleen hatsa sentituko dute jokalariek. Astelehenean bi autobus bete zirela jakinarazi zuten, eta asteak aurrera egin ahala, gaur 13:00etarako zazpigarrena osatu dute. Klubak bere harridura eta esker ona adierazi du, eta jokalari eta teknikariek zaleen berotasuna eskertzeko bideo bat plazaratu dute sare sozialetan.
Bihar Real Union ez da bere etorkizunaren jabe izango, beste partidetako emaitzek aginduko dutelako mailari eutsi ala heldu den denboraldian 2. RFEFen lehiatu beharko duen. Etxetik kanpo 3 garaipen besterik ez ditu eskuratu taldeak aurten jokatutako ligako 18 partidetan, eta laugarrena lortuz gero ere, baliteke 47 puntu aski ez izatea salbazioa lortzeko. Azken urteetako ligarik lehiatuena izan da zentzu horretan. Hala ere, Albert Carbo entrenatzaileak gaur partidaren atariko prentsaurrekoan aitortu duenez, "taldeak asteak aurrera egin ahala sinesten joan da, eta zaleei garaipena oparitu nahi diegu".
Antolatutako 7 autobusak Ficobatik abiatuko dira bihar 16:30ean, eta 20 minutu lehenago hurbiltzeko gomendatu dute. Eta taldea Stadium Galetik abiatuko da 15:45ean, Lezamara joango diren 500 zaleekin batera, Bizkaia aldera joaterik ez duten guztiei ere deia luzatu diete taldeari agurra emateko.