Euskal Selekzioak lehen parte hartze ofiziala izanen du Zesta Puntako Munduko Kopan

Paola Oskoz 2025ko mai. 30a, 12:41

Gernikan ospatuko da Zesta Puntako Munduko Kopa, ekainaren 1etik 6ra. Euskal Selekzioak bere lehen parte hartze ofiziala izanen du bertan, pasa den abenduan Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bazkide gisa onartu ondotik. Lorpen hau garaipen bat bada ere, oraindik aldarrikapenak ugariak dira 35 urtez luzatu den borroka honetan. Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak argitu duenez, Euskal Herriko Selekzioaren barrenean zazpi herrialdeak batzea da hurrengo erronka.

Gernikan jokatuko da ekainaren lehen astean Zesta Puntuko Munduko Kopa, zehazki ekainaren 1etik 6ra, Jai Alai pilotalekuan. Euskal Selekzioak bere lehen parte hartze ofiziala izanen du bertan, 35 urteko borrokaren ondotik, pasa den abenduan Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bazkide gisa onartu baitzuen taldea. Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak lorpen hau garaipen baten moduan hartu du, nahiz eta oroitarazi duen ere oraindik aldarrikapenak ugariak direla bide honetan. Adibidez, Euskal Herriko Selekzioaren barrenean zazpi herrialdeak bat egitea da hurrengo erronka. Izan ere, gaur egun, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako pilotariek soilik har dezakete parte Euskal Selekzioan. Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako pilotariek aldiz, ez dute baimenik euskal herritar gisa jokatzeko.

Mikel Larralde Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduko kideak aipatu duenez, 1990ean egin zuen lehen agerpena Euskal Selekzioak Kuban (La Habana) ospatu zen Munduko Euskal Pilota Txapelketan. Lagunarteko batzuk jokatu zituzten, baina giroa ez zen beroa izan taldearentzat, ikurriña debekatu eta hainbat jazarpenen biktima izan zirelako. Hortik aitzinera, Euskal Herriko Selekzioaren onarpenagatik borrokan aritu dira mugimenduko kideak, 35 urte zehazki, eta aitzinera pausuak eman dituzte.  Igandean Gernikan Euskal Selekzioak ofizialki parte hartzea da horietako bat eta hori ospatzeko tartea hartuko du taldeak Munduko Kopa lehiatzen ari den bitartean. Hala ere, aldarrikapenerako momentuak ere izanen dira hurrengo egunetan. Larraldek jakinarazi duenez, ekainaren 1ean, 12:00etan, Gernikako Jai Alain elkartuko dira Euskal Herriko Selekzioaren aldeko hitzaldia egiteko, Espainia eta Frantziako selekzioei uno egin dieten pilotariekin batera. Horrez gain, ekainaren 4an, 17:00etan, Gernikako kultur etxean mahai inguru juridiko bat ere eginen dute, Kiko Caballero Harriet legelaria eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakari ohiarekin, baita Iñigo Santxo Uriarte abokatua eta ESAITeko idazkari ohiarekin ere.