BDS KOOP Eraldaketa Fabrikak ekintzailetzarako laguntza programa martxan du. Norbere negozio ideia teorikotik abiatu eta Bidasoaldean kooperatibak eratzeko bidelagun izan nahi du. Ekimen honen zutabeak eta filosofia Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen ikuspegitik lantzen dute. Hau da, gizartearen beharrei begira arituko diren enpresak eratzen lagundu nahi dute. Dornaku Lantz, BDS KOOPeko kideak argitu duenez, «negozio guztiek bezala errentagarria beharko du izan, bideragarria, baina irabaziak ez dira zergatik norbaiten patrika betetzeko izan behar, gizartearen onura eragin dezaketen kooperatibak bilatzen ditugu». Hau da, gizartearen beharrei begira arituko diren enpresak eratzen laguntzen dute, ikuspegi feminista, ekologista eta sozial batetik lan egin nahi duten enpresak.
Izan ere, Ekonomia Sozialarekin batera, ezinbestean Eraldatzailea izatea bilatzen du BDS KOOP elkarteak. Eta eraldaketa honek jasangarritasun ekologikoa eta sozialak bilatu behar dituela ulertzen dute. Olatukoop-etik sustatutako KoopFabrika programaren lerro berean kokatzen da programa. Eta BDS KOOP bera da horren adibide. Dornaku Lantz, BDS Koopeko kideak aipatu digunez, orain artean 49 proiektu ezberdin garatu ahal izan dira BDS KOOPetik eta arlo ugaritakoak. Izan ere, bazkide bakoitza bere alorrean lan egiten badu ere, lan egiteko modua eta antolatzeko eredua amankomunean dute. «Ekonomia egiteko modu demokratiko batean antolatuta gaude, sinergiak bilatuz, eta gizartearen onura bilatzen dugu gure jardueraren bidez, helburua ez delako etekin ekonomikoa edo kapitalista».
Bidasoaldean adibide anitz
Alde horretatik, abstraktua irudi dezakeen arren, BDS KOOPetik garatutako proiektuak ukigarriak dira, eta bidasotar askok hurbilekoak dituztenak. Antxeta Irratia da bazkideetako bat, Parean elkarte feminista, Labore Txingudi kontsumo arduratsua sustatzen duen Uranzu kaleko denda, elikadura burujabetzan oinarritzen den Hondarribiko Sorburu baratze elkartea, ikuspegi sozial eta eraldatzaile batetik hirigintzan lan egiten duen Hiritik At arkitektura kooperatiba, Aragorputz lehen hilerokoaren inguruko heziketa eta ikastaroak eskaintzen dituen eragilea. Era berean, Ekintzaile Programa honen fruitu dira azken urteetan eratu diren beste hainbat proiektu; banaketa zerbitzua bizikletaz egiten duen Badoa kooperatiba, gaur egun udalarekin elkarlanean IrunMarket plataformaren salmentak etxeetara eta instalatu dituzten 24/7 zerbitzu ematen duten hiru kontsignetara banaketa segurtatzen duenak. Edota lurraren zaintza eta espazioen diseinua lantzen duen Maia Permaculture proiektua, besteak beste.
Azken batean, Lantzek dioenez, hainbatetan aipatzen den krisi klimatikoa eta trantsizio ekosoziala ahalbidetzen duten jarduera ekonomiko bat beste modu batean martxan jarri daiteke kooperatiba eredu batean oinarrituta. «Gizarte bezala ditugu erronka handiei erantzuteko eta gizartearen onura bilatu daiteke jarduera ekonomiko bideragarri bat aurrera eramanez, klima aldaketa, elikadura burujabetza edota zaintza eredua izan daitezke adibide batzuk», azaltzen du BDS KOOPeko kideak.
Horretarako, enpresa ideiatik hasi eta enpresaren eguneroko lanak planteatu eta garatzera iritsi arte, 60 orduko laguntza programa eskaintzen dute. Eta dagoeneko ohiko S.L. bezala martxan den enpresa batek bere eginmoldea eraldatu nahi badu ere, programa honetara atxiki daiteke. Kudeaketa administratiboa, diru laguntza eskaera eta bilaketa, edo enpresaren komunikazioan laguntzen dute. Eta programa osoa euskaraz egiteko aukera eskaintzen dutela nabarmentzen du Lantzek. Beraz, negozio ideia bat garatu nahi duen orok, Ekintzailetza Programa honetan parte hartu dezake dohainik. Hemen izena eman behar da.