Joan den maiatzaren 26an Osasun sailburuarekin egindako azken bilera aukera galdutzat eman, eta Irun zein Hondarribiko udal osoko bilkuretan Osasun Bidasoa plataformak aurkeztutako mozioak onartuta, larunbatean 10.000 lagunek Irungo karriketan adierazitako ezinegona jaso dute Irungo eta Hondarribiko alkateek berriz. Apirilaren 13an Bidasoa ospitaleko Pediatriako Larrialdien itxierak sortutako egoeraren aurrean, «kezka sakon eta legitimoa» helarazi diote formalki Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.
Osasun sailburuari bidalitako gutunean, bi udalek eskualdean berriki ezarri den pediatria-eredu berri hori berrikusteko eskatu dute nagusiki, bi udaletako osoko bilkuretan onetsi bezala eta larunbateko manifestazio jendetsuan herritarrek aldarrikatu bezala.
Bi alkateek bat egin dute Alberto Martinez sailburuak astelehenean publiko egindako prentsa-oharrean esandakoarekin, izan ere, aitortu zuen eskualdean zerbitzuak indartu egin behar direla. Alde horretatik, bi alkateek adierazi dute bat datozela ekipamendu eta azpiegitura berrien proposamenarekin, baina azpimarratu dute ezin direla alde batera utzi «eskualdeko familientzat oinarrizkoak eta beharrezkoak diren zerbitzuak». Horren harira, Cristina Labordak eta Igor Enparanek uste dute «sailburuak benetan entzun badu bi udalerrietatik egindako eskaera argia», aurrerapausoak eman beharko lituzkeela bide horretan.
Bi udal-ordezkariek gogorarazi dute bi udaletako osoko bilkurek, herritarren ordezkaritza organo gorenak diren aldetik, mozio bana onetsi zutela joan den astean, kendutako pediatria-zerbitzuak berrirekitzea eta haur eta gazte psikiatriako espezialista-dotazioa indartzea eskatzeko. Era berean, asteburuan herritarren mobilizazioak agerian utzi du alkateen arabera, «ezinegon soziala ukaezina» dela. Milaka lagun atera baitziren kalera kalitatezko osasun-arreta publikoaren alde, bereziki haurrei dagokiena.
Osasun sailburuari erantzukizun instituzionala eskatzen diote, sortutako ondoeza artatzeko borondatea erakutsi duen aldetik, eta esplizituki eskatzen diote Bidasoan aplikatutako neurriak berriz aztertzeko. «Elkarrizketaren bidetik aurrera egiteko prest jarraitzen dugu, baina beharrezkoa da egungo eredua zuzentzeko borondate argia egotea», azpimarratu dute bi alkateek plazaratutako ohar batean.