Internet sarbidea eskubide bat dela esan ohi da, baina munduko txoko askotan ez dago eskubide hori bermatuta. Sarri, errentagarritasun ekonomikoa oztopo bihurtzen da, eta herri osoak kanpoan geratzen dira konexio digitalen mapatik. Egoera horri aurre egiteko, komunitate batzuek beraiek hartu dute ekimena, teknologia eskuragarria erabiliz, sarea sortuz eta beren kabuz konektatuz.
Chiapaseko oihanean, 2013an ez zegoen ez telefonorik, ez Internetik, ezta azpiegiturarik ere. Operadoreek zonaldea errentagarritzat jo ez zutenez, bertako komunitate batek birziklatutako antena bat jarri zuen banbu baten puntan, hasieran telefono deietarako. Gaur egun, Kierykass izeneko proiektua metalezko azpiegitura sendo batekin 14 komunitateetara heltzen da eta prezio herrikoiak eskaintzen ditu.
Indiako beste esperientzia aipagarri bat da "oinutsik doazen ingeniarien" proiektua. 2012an, irakurtzen eta idazten ez zekiten herritarrek birziklatutako baliabideekin lehenengo antenak jarri zituzten. Helburua: Internet eskolei eta familiei helaraztea, hezkuntza hobetzea eta gazteei etorkizun duin bat ematea. Egun, komunitate bakoitzean bada gutxienez pertsona bat internet erabiltzen dakiena eta bertako teknikariak trebatu dira.
Euskal Herrian ere badaude komunitate-ekimenez sortutako sareak. Guifi.net eta SomConnexió dira horietako batzuk. COVID garaian, Bidasoaldeko landa eremuetan arazo larriak izan ziren Internet konexioarekin, eta orduan Jaizkibelgo antenetatik radio-esteka baten bidez konexioa eskaini zitzaien. Zumaian, zuntz herritarra dago martxan: herritarrek sarearen jabe izateko aukera dute eta prezio justuak ordaintzen dituzte.
Proiektu hauek guztiak elkartasunetik, burujabetzatik eta teknologiaren erabilera arduratsutik abiatzen dira. Internet ez da luxu bat, baizik eta aukera berdintasuna sustatzeko tresna bat.
Aipatutako proiektuen loturak:
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!