Arreta pediatrikoak okerrera egiten jarraitzen duela gogoratu diote sailburuari Osasun Bidasoa plataformatik. Joan den maiatzaren 31n inoiz egindako mobilizaziorik handienaren ondotik, osasun-agintariek ez dutela inolako erantzunik eman salatu dute ohar baten bidez. Eta premiazko konponbide bat eskatzeko Irungo kaleak bete zituzten 12.000 manifestariei errespetu falta iruditzeaz gain, ekainaren 2an Alberto Martinez Osasun sailburuari igorritako gutunak ere, ez duela erantzunik jaso gaineratu dute.
Plataformak dioenez, oraindik ez da betetzen anbulatorioetan agindutako pediatria zerbitzuaren ordutegi-luzapena, 17:00ak arte. Gainera, apirilaren 13an Bidasoa ospitaleko larrialdi pediatrikoak eten eta gero, Lehen Arretako zentroetan ez dira ari aurretik eskaintzen zen 8:00etatik 15:00etarako zerbitzua. «Ez dago ia pediatrarik, eta larrialdiak bakarrik artatzen dira, kasu askotan beste zentroetako profesionalen errefortzuen bidez», diote. Irun Zentroko lehen mailako arretako larrialdietan (EAG), adibidez, ez dago pediatrarik, eta pediatriako erizaintzako errefortzuak ez du lanik egiten, ez larunbatetan, ezta jaiegunetan ere. Plataformak emandako datuen arabera egoerak okerrera egingo du aurki. Izan ere, Irun-Hondarribian, ESI Bidasoan 9 pediatra daude gaur egun, eta horietarik 7k trasladoa eskatu dute lan-karga handia eta lan-baldintza urriak direla eta.
Bien bitartean, haurren eta gazteen psikiatriako kontsultak itxita jarraitzen duela gogoratzen dute, eta familiek zailtasun handiak dituztela Donostian seme-alabentzako hitzordua lortzeko. Gogoan hartu behar da, joan den martxoan Urdanibia plazako Psikiatria Infanto-jubenila segurtatzen zuen psikiatrak lanpostua hutsik utzi ondoren, Osakidetzak bertan ziren 500 bat espedienteak Donostiara lekuz aldatzeko erabakia hartu zuela.
Hortaz gain, Bidasoa ospitalean ez dago urologia kontsultarik gaur egun. Eta dermatologia, kardiologia, otorrino eta oftalmologiarako itxaron-zerrendak 60 egunetik gorakoak dira. Traumatologiarako itxaronaldia, adibidez, gaur gaurko 146 egunekoa dela diote, eta urologiarako (Donostian) 154 egunekoa.