Naturaren ezagutza eta kontzientzia sortzeko udalekuak antolatu dituzte Ekoetxea Txingudin

Koldo Nausia 2025ko eka. 20a, 12:27

Haurrek ingurumenari buruz ikasteko eta kontzientzia ekologikoa garatzeko helburua duten udalekuak antolatu ditu Ekoetxea Txingudik laugarren urtez. 2013 eta 2018 urteen artean jaiotakoei zuzendutakoak dira, eta uztailaren 7tik hasita, astebeteko hiruna txanda antolatu dituzte Plaiaundiko Parke Ekologikoan, uztailean eta abuztuan.

Plaiaundiko Parke Ekologikoak Txingudiko Udalekuak hartuko ditu beste behin. Laugarren urtez, eskualdeko 7eta 12 urte arteko haurrek, 2013 eta 2018 urte artean jaiotakoek, parte har dezakete. Uztaileko lehen txanda, uztailaren 7tik 11rakoa, lau egunekoa izango den arren, gainerako txanda guztiak astelehenetik ostiralera egingo dira, 09:30tik 13:30era. Hiru txanda antolatu dituzte uztailerako, eta beste hiru abuzturako;  

Eva Montoya, Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak azaldu digunez, «haurrek ingurumenari buruz ikasteko eta kontzientzia ekologikoa garatzeko helburua duten udalekuak dira». Eusko Jaurlaritzak (IHOBE) Ingurumen Hezkuntza arlotik sustatutako ekimena denez, parte-hartzaile bakoitzak 20 euro besterik ez ditu ordaindu beharko udalekuetan parte hartzeko, eta plazak mugatuak direla oroitarazi dute. Izena emateko www.ekoetxea.eus atarian egin daiteke. 

Uztaileko txandak:

  1. Uztailaren 7tik uztailaren 11ra.
  2. Uztailaren 14tik uztailaren 18ra.
  3. Uztailaren 21etik uztailaren 24ra.

Abuztuko txandak:

  1. Abuztuaren 4tik abuztuaren 8ra.
  2. Abuztuaren 18tik abuztuaren 22ra.
  3. Abuztuaren 25etik abuzturaren 29ra.