'Irteera Operazioa'ren ondorioak arintzeko neurriak koordinatzeko bilera egin dute

Antxeta Irratia 2025ko eka. 26a, 11:53

Irteera Operazioari begira, iaz hartutako neurriak eta elkarlanean koordinatutako dispositiboak emaitza onak eman zituenez, uda honetan Bidasoaldean auto-pilaketak saihesteko estrategia errepikatu eta indartuko dute. 2022ko udan emandako egoera errepika ez dadin, Foru Aldundia, Bidegi, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzak, eta Irun zein Hondarribiko Udaltzaingoek koordinatutako dispositiboa aktibatu dute.

Euskadiko Trafiko Zuzendaritzak Portugalera eta Afrika Iparraldera doan nazioarteko trafikoaren fluxua 1.850.000 ibilgailukoa aurreikusten du uda honetan, eta gehiengo batek Biriatuko ordainlekua zeharkatzen duela aintzat hartzen dute, horren ondorioei aurre egiteko. Irteera eta Itzulera Operazioan, Irungo ordainlekutik 150.000 eta 220.000 ibilgailu artean iragan izan dira asteburuero azken urteetan. Hala, 2022ko udan emandako egoera errepika ez zedin, 2023an abian jarritako Irteera-Itzulera Operazio dispositibo berezia indartu egin zuten iaz.

Uztailaren 1etik aurrera, aurtengo Bidasoaldeko mugikortasun dispositiboa berraktibatuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzak eta Irun eta Hondarribiko udalek lehen koordinazio-bilera egin dute hau antolatzeko. Eta iragarri dutenez, Biriatu eta Landetxa-Kateako autobide zatiaren ordainlekuen arteko zirkulazioa arintzeko neurriak ez ezik, Irungo erdigunea kolapsatu ez dadin, iaz antolatutako dispositiboa errepikatu  eta indartu egingo dute.

AP-8ren egoera hurbiletik jarraituko dute Bidegik, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek, eskualdearen kolapsoa saihesteko. Eta herritarrei eskualdean mugitzeko garraio publikoa lehenestea eskatu diete. Ildo horretan, bai Aldundiak bai Bidegik langile taldea indartuko dute beharrezkoa den mementoetan, baliabide materialak eta garraio-zerbitzuak areagotuko dituzte, eta Irungo autobidearen ordainleku guztiak irekiko dituzte, trafikoa arintzeko.

Agintariek koordinazioaren eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute. Cristina Laborda Irungo alkateak «udalaren kudeaketa gainditzen duen egoera» bat dela aitortu badu ere, Ertzaintza, Bidegi eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin koordinazioan arituko diren udaltzainen lana nabarmendu du.

Iazko abuztuko Itzulera Operazioan, adibidez, 15 udaltzain gehigarri lanean jarri zituen eta 37.000 euro bideratu zituen baliabideak indartzeko. Iaz bezala, aurtengoan ere, Irungo Oinaurreko AP8 sarbidea itxiko dute, pasoan den trafikoak Irungo erdigunea zeharkatzea saihesteko, eta zama-garraioko kamioiak zorrotz kontrolatuko dituzte.