2023.urtean sortu zuten Hendaian Erasmus Pays Basque elkartea. Aurten ekin diote ordea beren lehen proiektuari: BICYCLE. Bi urteko epea dute, Erasmus + ildoko hezkuntza ez formaleko sailarekin lankidetzan egitasmoa garatzeko. Tokian tokiko politikak taldean gogoetatu eta nola eraldatu zein aplikatu gogoetatzea da asmoa, lan metodologia biziki parte hartzailearekin.
Olatz Aizpurua elkartearen sortzaileak adierazi gisan, 18 eta 30 urte bitarteko bost gazteren bila dabiltza, iraila eta urrian Kantabriako Saron herrira joateko. Bertan jada gaiaren inguruan gogoetatu eta aplikatzen dutena ikasi eta ondoren hemen, Euskal Herrian gauzatzeko. Bi hilabete horietako behar guztiak proiektuak hartzen ditu bere baitan. Zailena ordea, gazteak biltzea Aizpuruaren ahotan. Asko ikasten edota lanean ariko baitira. Unibertsitate askok hartua dute horrelakoak ahalbidetzeko jarrera, ez denek ordea. erasmuspaysbasque@gmail.com helbidera idatzi dezakezue izena eman edota informazio gehiago eskatzeko edota 06 40 48 20 21 zenbakira deitu. Zuzenean izena emateko ordea, hemen duzue esteka.