"Paralelo 0. Ez Ipar, Ez Hego"

«Txingudiko lurraldetasunari, euskarari eta emakumeen proiektuei lehentasuna eman diegu jaialdia antolatzerakoan»

Koldo Nausia 2025ko uzt. 3a, 09:42

Txingudi badian espazio amankomunak sortu eta underground zirkuitu bat osatzeko aukera eman dezakeen "Paralelo 0. Ez Ipar Ez Hego" jaialdia antolatu dute aurreneko aldiz, Hondarribiko Psilocybe musika elkarteak, Hendaiako Borderline Fabrikak eta Irungo Lakaxita Gaztetxeak elkarlanean. Uztailaren 4an (20:30ean) hasiko da Psilocyben SILITIA, SAGUXAR eta FUSIBLE taldeekin. Eta larunbatean borobilduko dute, 18:00etan Borderline Fabrikan ENERITZ FURYAK eta GAILU, eta 22:00etatik aurrera Lakaxitan GORI GORI, GAUAK eta DJ pintxadekin.

 

Uztailaren 4an eta 5ean Txingudi eskualdeko hiru herriak batuko dituen “Paralelo 0. Ez Ipar Ez Hego” musika jaialdi berria ospatuko da. Antolatzaileen intentzio deklarazio bat da jaialdiaren izena bera ere. «Mugarik eza, zeropoliaren ideia eta linbo batean egotea gustokoa dugu», diote. Hondarribiko Psilocybe musika elkarteak, Hendaiako Borderline Fabrikak eta Irungo Lakaxita Gaztetxeak elkarlanean antolatu dute. Modu natural batean elkartu ditu haien ohiko jarduera kulturalak. Berez, zirkuitu komertzialetatik at dauden hiru kulturgune aktibo baitira gure eskualdean, norbere berezitasunekin. Eta oraingo honetan, musikaren bitartez muga guztiak apurtu nahi dituzte. Eskualdeko herritartasuna bultzatu, bidasotarren artean kolektibo hauen elkar ezagutza bilatu, eta kulturatik saretuz, jaialdi honetarako sortu duten behin behineko espazio honekin, muga geografiko guztien gaindi musikak eta kulturak batzen gaituela erakutsiko dute.

Helburuetan bat eginik

Musika jaialdi honi buruz hitz egiteko, antolakuntzan ari diren hiru eragileetatik ordezkari bana gonbidatu dugu Antxeta Irratira. Ander Fernandez, Hendaiako Bordeline Fabrikatik, Alaine Aranburu Lakaxita Gaztetxetik, eta Ander Martinez, Hondarribiko Psilocybe musika elkartetik. Aitortu digutenez, naturaltasun osoz sortu den lankidetza da honakoa, eta hasteko hiru herrietako besten egutegiak behartuta erabaki zuten “Paralelo 0. Ez Ipar Ez Hego” jaialdiaren data. «Deskarte hutsa» izan dela diote, baina gainerako guztia kolektibo bakoitzak berez daraman dinamikatik abiatuta erraz adostu dute.

Jaialdiaren estreinekoa bada ere, «kapitalismoak behartu ohi duen urteroko edizioa antolatzeko presiorik gabe» hasi direla azpimarratu dute, «ikusiko dugu nolako harrera duen, eta modu natural batean emango da, ikusiko dugu urtero, bi urtean behin ala hurrengoa sei hilabete barru antolatzea erabakitzen dugun» iragarri dute, antolatutako aurreneko edizioa mugarri bat izan daitekeela pentsatuz.

Izan ere, norbere aldetik lanean dabilela, Txingudi badian espazio amankomunak sortu eta underground zirkuitu bat osatzeko aukera eman dezakela pentsatzen dute. «Psilocybera datorren jende askok ez du Hendaiako Borderline ezagutzen, edo hendaiar askok Lakaxita entzuna dute baina ez dira sekulan egon, edo behin besterik ez», diote. Alde horretatik, jaialdiaz haratago, kolektibo bakoitzak programatzen dituen ekimenetan «elkar zaintza eginez eta begirunez jokatzeko» bide bat ireki dute, ordutegiak kontuan hartu eta eskaintzaren aldetik ere elkarren artean osagarri izan daitezkeela ohartuta.

Etxeko uzta duen afitxa eklektikoa

Jaialdiaren kartel amankomuna osatu dute, baina norbere ohiko eszenan proposatuko dituzte kontzertuak, ikusleak asteburuan zehar batetik bestera eraman edo gonbidatu nahian. Larunbatean, adibidez, Hendaiako Bordeline Fabrikatik Lakaxita Gaztetxera “Oinbus musikala” antolatu dute Pierre Loti ibilbideko (Santiagotarrak-Plaiaundi) bidegorri berria erabiliz. Eta saretze horretan, jaialdiko bi egunetarako 20 euroko bonoa eskaintzeaz gain, larunbateko bi saioak segituz gero ere, Lakaxitako sarrera 5 eurotan eskainiko dutela iragarri dute, 8 eurotan beharrean. Gainerakoan, kontzertu emanaldiak bakarka jarraitzeko Psilocyben zein Borderline Fabrikan sartzeak 10 eurotan izango dira. Argitu dutenez, tokian berean eskudirutan ordaindu beharko da. Baina aldez aurretik eskura daitezke kontzertuetarako sarrerak Irungo Bloody Mary disko dendan edo internet bidez, Bordeline Fabrikaren atarian. 

Iragarri dutenez, post punk, psikodelia, elektronika, garage fuzz eta bestelako musika estilo eta generoak nahastuko dituzte gonbidatu dituzten musikari eta taldeak. Denei azaldu diete leku anitzetan antolatutako jaialdi zabalago baten testuinguruan egingo den emanaldia dela, eta «ideia gogotsu hartu eta artisten partetik harrera beroa» izan duela nabarmentzen dute. 

Kartela osatzerako garaian, «Txingudiko mugazgaindiko izaera edo lurraldetasunari, euskarari eta emakumeek gidatutako proiektuei garrantzia berezia» eman nahi izan diete. Eta Euskal Herri osoko proposamenak bilduko dituzten arren, oro har Oarsoaldeko, Bidasoaldeko, Hego Lapurdiko eta inguruko eskualdeetako artisten presentzia nabarmena izango da. Antolatzaileen esanetan «etxeko uzta da», eta horrek bailaran dagoen musika sormena eta sortzaileen lana balioan jartzeko balio dezake.

“Paralelo 0. Ez Ipar Ez Hego” jaialdia ostiralean (uztailak 4) 20:30etik aurrera, Hondarribiako Psilocyben hasiko da, hiru kontzerturekin: SILITIA (Bilbo), SAGUXAR (Irun) eta FUSIBLE (Ziburu). Larunbatean, lau kontzertu eta bi DJ saio bikoitzek osatuko dute eskaintza musikala. Hendaiako Borderline Fabrikan hasi, ENERITZ FURYAK (Irun) eta GAILU (Andoain) taldearekin. Hendaiakoetan 18:00etatik aurrera, eta 22:00etan, Irungo Lakaxita gaztetxean bukatzeko GORI GORI (Hendaia/Orereta) eta GAUAK (Baiona).

Hortaz gain, larunbatean 11:30etik 13:30era CD Bermuta izendatutako «CDaren inguruan elkartzeko deia» antolatu dute Hendaiako Borderline Fabrikan. Ander Fernandezek azaldu duenez, hendaiar zale batek proposatuta antolatu dute jaialdiarekin bat zetorrela ikusita, eta CD trukaketak egin ahal izango ditu bertan nahi duen orok.

Ondoko elkarrizketan musika talde eta artisten estilo eta proposamenei buruzko xehetasunak eman dizkigute antolatzaileek.

Jaialdiaren egitaraua

Uztailak 4, ostirala

Psilocybe elkartea, Hondarribia

20:30ean (Sarrera: 10€)

  • Saguxar
  • Fusible
  • Silitia

Uztailak 5, larunbata

Borderline Fabrika, Hendaia

11:30etik 13:30era

  • CD Bermuta

18:00etatik aurrera (Sarrera: 10€)

  • Eneritz Furyak
  • Gailu

Lakaxita gaztetxea, Irun

22:00etatik aurrera (Sarrera: 8€)

  • Gauak
  • Gori Gori
  • DJak