Hiru greba egun deitu ditu ELAk Gipuzkoako adineko erresidentzia eta eguneko zentroetan

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 8a, 09:57

Ekainaren 11tik 13ra egindako greba egunen ondotik, negoziazioa blokeatua jarraitzen duenez, hilaren 9, 10 eta 11n sektorean Gipuzkoan ari diren 5.000 langileek pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak «negozio logikan» oinarritzeagatik ematen direla salatzen du euskal sindikatuak. «Zaintza sistema erdigunean jarri eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena» eskatzen du ELAk, eta Donostian eta eskualdeka mobilizatzera deitu du.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako hitzarmen sektorialaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu du ELA sindikatuak, «patronalek ez baitute langileen aldarrikapen bat bera ere kontuan hartu». Sektorean 5.000 bat lagunek lan egiten dute Gipuzkoan, eta ia denak emakumeak direla nabarmendu du euskal sindikatuak. Oarso-Bidasoa eskualdean hainbat egoitza eta eguneko zentro daude, eta %90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dutela kontuan hartuta, «lan baldintza prekarioak» dituztela diote.

Zehazki, langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituztela, eta hau enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek , «mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema» eusteko bakarrik esplikatzen dela salatzen du ELAk.

Horrenbestez, «zaintza sistema erdigunean jarri eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena» eskatzen du ELAk. Argitu dutenez, langile guztientzat jardunaldi osoko kontratuak, soldata arrakalarekin amaitzea, arrisku psikosozialen plan bat adostea, zerbitzuak euskalduntzako baliabideak eskaintzea eta trantsizio ekosozialean aurrerapausoak ematea, jatorduetan bertako produktuak txertatuz, dira besteak beste, aldarrikapenen zerrendan.

Mobilizazioak aste honetan

Hau guztia kontuan hartuta, eta patronalari eskatutako edukiak mahai gainean jar ditzala eskatzeko mobilizazioak antolatu ditu ELA sindikatuak uztailaren 9, 10 eta 11n. Hiru egun horietan langile guztiak greba egitera deitu ditu sindikatuak «greba eta mobilizazioaren bidea aldarrikapenak entzun eta lortu ahal izateko aukera bakarra delako». Greba deialdiekin batera, manifestazioak deitu dituzte, Donostian uztailak 9an 11:00etan Gipuzkoako plazatik abiatuta, eta uztailaren 12an Kontxako hondartzetan zehar, 11:30ean hasita. Hilaren 10ean, aldiz, eskualdeka mobilizatuko dira, eta OarsoBidasoaldean Errenteriatik abiatuko dira 10:30ean Sanmarkoseneko egoitzatik hasita.