Ione Josie, Urruñako herriko etxeko teknikariak azaldu digunez, Urruña, Hendaia eta Miarritzeko EASAC zirku eskolak antolatzen du, bertako artista eta akrobaten lanak plazaratzeko aukera eskainiz, eta ikusgarri zein tailerren bitartez, zirku diziplina eta arte eszenikoak herritar ororen esku jarriz.
Rampante konpainiak Rococo ikusgarria aurkeztuko du Azkainen uztailaren 11n (19:00etan) egingo den festibalaren irekitzean. Eta Urruñan errepikatuko du larunbatean. Egun berean, Biriatun, Triphases konpainiak proposatutako Kostum zirku akrobatiko eta burleskoa izango da 19:00etan. Bestalde, Bortzirietan, Beran ere irekiera egingo dute uztailaren 11n, 20:00etan, Mattatoio Sospeso konpainiaren OUT izeneko obrarekin.
Igandean, uztailak 13, Urruñako plazan eskainiko dute ere, ordu berean. Jarraian, 20:00etatik aurrera, malabarismoetan oinarritutako Fabrizio Rosselli konpainiaren Bakéké ikusgarria izango da Urruñan. Nabarmendu beharra dago, Biharko Zirkuko Munduko Jaialdi ospetsuan Berrikuntza Saria jaso berri duela obra honek.
Festibala borobiltzeko, kulturen eta garaien arteko zubiak eraikitzen dituen ZeZe musikari poli-instrumentalaren emanaldia izango da Urruñan, 21:00etan.
Programazio osoa helbide honetan topatuko duzute: https://www.ecole-acrobatie-du-spectacle.com/eu/mugagabe