Gotortutako Europaren eskuin muturreko diskurtsoa 'Mugak Zabalduz' borrokatzeko dei egin dute Bidasoaldean

Koldo Nausia 2025ko uzt. 14a, 13:38

«Politika antimigratorio arrazista eta hiltzaileak» salatu zituen Mugak Zabalduz karabanak larunbatean, Bidasoko mugan Calais-erako bidean. Europako kanpo zein barne mugetan «migranteen ehiza» egiten dela, eta giza eskubideen alde ari diren «elkartasun sareak kriminalizatzen» dituztela salatu zuten Irungo San Juan plazan egindako agerraldian. Ondoren, Santiago zubi ondoko oroitarrian, Bidasoan hildako 10 migranteak omendu zituzten.

Joan den larunbatean “Mugak Zabalduz” karabanak Bidasoko mugaldea zeharkatu zuen Mantxako Kanalean dagoen Calais-erako  bidean. 2016az geroztik, Europako kanpo eta barne mugetan zehar politika antimigratorioak salatzen dituen karabanak, Bidasoa trebeskatu nahian hildako 10 pertsonak omendu zituen Irun-Hendaia arteko Santiago zubi ondoko oroitarrian. Arratsaldean, aldiz, elkartasunezko giza-katea egin zuten Baionako Henri Grenet zubi gorrian, «migrazio politika arrazistek sufrimendua eta migranteen ehiza» eragiten dutela salatzeko.

Inor ez dela ilegala, eta pertsona orok libre mugitzeko duen eskubidea aldarrikatzearekin batera, Frantziak zorroztu dituen migrazio politikak gaitzetsi zituzten Irungo San Juan plazan, Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sareak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta J’Acusse kolektiboek bat eginik egindako agerraldian. Hendaia, Biriatu eta Urruñan boluntarioek osatzen duten Bidasoa Etorkinekin elkarteko kide Aintzane Lasartek oroitarazi duenez, «mugatik Elkargoaren menpe dagoen Baionako Pausa aterpetxera irits daitezen» laguntzen duen sareak egiten duen lana «guztiz legala» da. Baina Korrikan 36 migratzaileri muga pasatzen laguntzeagatik auziperatutakoen kargugabetzea aldarrikatzen duen J'Acusse kolektiboko zazpi auzipetutakoen kasuan bezala, «herritarrek politika antimigratorioen aurka eta giza eskubideen alde eginez gero, zer gerta daitekeen» agintariek helarazi nahi duten mezua da. 

'Mugak Zabalduz' karabanak agerraldia egin zuen Irungo San Juan plazan, tokiko elkartasun sareak sostengatzeko

Hain justu, Bidasoko mugaldean migratzaileen eskubideen alde ari diren elkartasun sareak sostengatu nahi izan ditu Mugak Zabalduz karabanak, Europako barne muga honetatik pasatzerakoan. Asier Amezaga, Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboko kide eta Mugak Zabalduz karabanaren bozeramaileak azpimarratu duenez, «Europa gotortu honetan, giza eskubideak sistematikoki zanpatuak dira, eta biolentzia egoera bat eragiten da migranteen aurka».

Karabanaren asmoa hori salatzea bada, aurtengoan Mantxako Kanalean gertatzen ari dena nabarmendu nahi izan dute. Azaldu dutenez, dagoeneko 300 hildako eragin dituen Frantziatik Erresuma Batura doan «muga modu duin eta seguru batean gainditzea ezinezkoa denez, tuneletatik, kamioi azpietan sartuta edota txalupa oso prekarioetan saiatzen dira haien bizitza arriskuan jarriz». Amezagak salatu du, Frantziako poliziak txalupa hauek zulatu egiten dituela hondoratu daitezen, eta «Calais-eko kanpaleku prekarioetan gauzak lapurtu, kanporatu eta biolentzia etengabean» mantentzen dituztela. 

Eskuin muturraren diskurtso eta politikak

Alde horretatik, eskuin muturraren diskurtsoa jendartean eta agintarien artean zabaltzen doalako kezka adierazi dute kolektiboek. Eta elkartasun sareak kriminalizatzeaz harago, «Europako estatuen politika antimigratorio hiltzaileak» salatu dituzte. Bidasoa Etorkinekin elkarteak oroitarazi duenez, Frantziako Barne Ministroak iragarritako Oltim inteligentzia dispositibo polizial berria abian jarri dute Hendaia-Biriatuko mugan. Parisetik kanpo martxan jartzen duten halako aurreneko hegala. «Polizia ez da lehen bezala ikusten, ez dituzte kontrol iraunkorrak egiten mugan Europan ez delako legezkoa, baina migranteak kontrolatu, harrapatu eta Espainiako poliziari entregatzen dizkiete zuzenean», dio Aintzane Lasartek. Iaz bi estatuek izenpetutako Malagako Itunaren ondorio zuzena dela dio.

Horren adibide garbia da azken asteetan Donostian eta Irungo kaleetan biltzen diren maliar migranteen kopuruak. Kolektiboek oroitarazi dute, asilo eskaera egin edota muga pasatu ezinik daudela, eta kalean aurkitzen direla bizitzen. Irungo Harrera Sareak salatu duenez, «agintarien erabakiek eta testuinguru eta interes politikoek pertsonak irregular bilakatzen ditu, sufrimendua areagotuz». Era berean, Hilanderas kalean Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen aterpetxe zerbitzua hutsik jarraitzen duela gogoratu dute, eta beraz, harrera herria garela aldarrikatzen duten honetan, erakundeen babes eta baliabide eskasek bazterketa» eragiten ari direla leporatu die Harrera Sareak agintariei. 

Irungo Udalaren jarrera ere salatu du kolektibo honek. Izan ere, migranteen egoeraz gain, eskuin muturreko diskurtsoak eta jarrerak Irunen errotik ez heldu izana leporatu diote. Eta horren adibide jarri dituzte Irunen maiatzean sortu ziren Auzo Patruilak. «Segurtasunaren izenean inor babestu beharrean, pertsona arrazializatuak eta gazte arabiarrak kaleetan beldurtzen dituzte», argitu du Oihana Galardik, Harrera Sareko kideak. Zentzu honetan, Irungo Udalaren «inakzioa» salatu du.

Oroitarazi behar baita, Antxeta Irratiak udaberrian ikertu eta agintariei jakinarazi ziela ekainean bertan, astero 40 lagun inguru Irungo kaleetan ibiltzen direla, asteburuetan, gaueko ordu txikietan, ustezko delituak prebenitzeko aitzakiarekin kale zaindari lanetan, sare sozialetan mezu arrazistak plazaratzen dituzten bitartean. Indar polizialek eta udal agintariek ez dute orain artean, hau baloratu nahi izan, ezta neurririk hartu behar denik kontenplatu ere.

Irungo Harrera Sareak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta J’Acusse kolektiboek ere, Europan hedatzen ari den eskuin muturraren diskurtsoa borrokatu beharra dagoela aldarrikatu dute, J’Acusse kanpainarekin bat eginez, migratzaileen eskubideak defendatuz, eta «faxismoa antiarrazismotik eta antifaxismotik» mobilizatuz.