Udan Bizi txirrindulari bira Irundik abiatu zen atzo

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 15a, 10:08

Goiener elkarteak eta I-Enerrek antolatuta, 2023 eta 2024ko edizioetan bezala, eskualdez eskualde, tokiko ekimen sozialak ezagutzeko bost eguneko txirrinda bira antolatu dute. Oraingo honetan, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Nafarroa Garaian barrena 266 kilometro egingo dituzte, baina helburua energia arloarekin zerikusia duten gaiak ez ezik, migrazioa, energia berriztagarriak edota lurraren defentsa mugimenduak ezagutzea izango da. 

Atzo abiatu zen Udan Bizi txirrinda biraren hirugarren edizioa. Aurrekoetan Nafarroan eta Bizkaian egin zituzten bezala, aurtengo ibilbidea Iparralde eta Baztan-Bortzirietako ekimen sozialak ezagutzeko bisitak eta hitzaldiak antolatu ditu Goiener elkarteak etapa bakoitzean. Tokiko eragile eta proiektuak ezagutzeko, eta elkarteak duen energiaren gaia sozializatzeko helburuarekin batera, migrazioa, laborantza lurren defentsa edota elikadura burujabetza bezalako ekimen ezberdinak ezagutu ahalko dituzte parte hartzaileek. 

Asier Arsuaga Ugalde, Goiener elkarteko kideak argitu duenez, gehienez ere 20 laguneko tropeltxoa besterik ez dute osatzen. Aurreneko edizioan Espainiako errepideetan kopuru handiko taldeak ibiltzeko baimen bereziak behar direlako. Hala ere, herriz herri egiten dituzten geldialdietan, tokiko elkarte eta eragileekin lankidetzan hitzaldiak eta bisitak antolatzen dituzte. Eta bertan jende anitz bildu ohi da. 

Aurtengo lehen etapa Irundik abiatu dute, eta migrazioaren gaia lantzeko Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideekin batu ziren atzo Hendaiako Borderline Fabrikan. Saran amaitu zuten eguna 33 kilometroko etapa eginez. Ondoko egunetan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Nafarroa Garaian barrena ibiliko dira. Izan ere, bost eguneko bira prestatu dute. Eta Beran amaituko dute uztailaren 18an, ostiralean. Antolakuntzatik Baztan eta Berako udalen laguntza eskertu nahi izan dute. Azken etapa, hain justu, Elizondotik Berara egingo baitute, eta bertan Aroztegia eta BixtuBera kooperatiba ezagutzeko parada izango dute. Ibilbide osoan zehar, aldiz, Euskal Moneta, Lurzaindia, Errobiko Festibala ezagutu, edota Amaiurko gaztelua bisitatzeko aukera izango dute, besteak beste.