Astelehenean ailegatuko da Euskarabentura Bidasoaldera

Ekhiñe Zapiain 2025ko uzt. 17a, 10:58

Uztailaren 1ean abiatu ziren jzioquitarrak (espedizioko parte hartzaileak) eta haien xerpak (laguntzaileak) Atharratzetik haien abentura burutzeko prest. Hilabeteak iraun bitartean Euskal Herriko herrietan barrena ibiliko dira, uztailaren 31an Getxon espedizioaren bukaerara ailegatu arte. Mattin Chaumont parte hartzailearekin solastatu gara telefonoz etapa bat egiten ari ziren bitartean.

Euskal Herri osoko zein diasporako gazteak biltzen ditu Euskarabenturak. Hilabete oso batez 31 etapa osatuta, 783 km egiten dituzte parte-hartzaileek aurten. Astelehenean bertan ailegatuko dira Miarritzetik Urruñara, eta Hendaiatik pasatuta Donostiara eginen dute bidea. Mattin Chaumont biriatuar gaztea lehendabizikoz parte hartzen ari da espedizioan, eta «hastapenean pixka bat zaila izan zen arren jendea ezagututa bikain» dabiltzala onartu digu.

Zazpigarren aldiz antolatu da ekimena, eta aurten 126 parte hartzaile eta 26 antolatzaile bildu ditu Euskarabenturak. Ez da ibiltzeko abentura soila, harremanak egiteko, Euskal Herria ezagutzeko eta batez ere euskararen arnasgune izateko xedea baitu egitasmoak. 2008. eta 2010. urte artean jaiotako gazteak dira protagonistak, Euskal Herriko zazpi probintzietatik heldu direnak. «Euskara sustengatzen duen bidaia bat» da espedizioa Chaumontentzat, eta erdigunean hizkuntza dagoela nabarmendu digu: «guztiak elkar ulertzeko eta hitz egiteko euskara soilik erabiltzen dugu».

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira jzioquitarrak. Hala, aurten, Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze handiena izanen du espedizioak, 20 gazte eta 2 antolatzaile etorriko baitira. Chaumonten ustez, iparraldekoa izanik, aukera ederra da uztailean zehar Euskarabenturan parte hartzea: «Iparraldean adibidez euskara ez dugu usutan erabiltzen, eta hau zinez aukera bikaina da hilabete oso batez euskaraz egiteko soilik».

Etxetik hurbil eta urrun egotearen sentsazioa

Euskal Herriko hamaika txoko ezagutzeko aukera ere eskaintzen du Euskarabenturak, eta hala, gazteak haien etxeetatik hurbil eta urrun egotearen sentsazioa bizi dezakete. Biriatutik zehazki pasatuko ez diren arren, Bidasoaldean barrena ibilitzea «bitxi eginen dela» adierazi du biriatuarrak, «ezagutzen ditugun paisaietan» ibiliko baitira.

Egun bakoitza berezia izaten da espedizioan, baina antzeko moduan egituratu ohi dute: «Goizean esnatu eta oinez abiatzen gara, gero pausa ttiki bat egiten dugu etapa bukatzean, eta arratsaldean aktibitateak izaten ditugu».

Hilabetearen erdia pasatu zaigu jada, eta beraz, gazteek abenturaren erdia ere egin dute dagoeneko. Bi aste bertzerik ez zaizkie gelditzen espedizioaren bukaerara ailegatzeko, eta «amaiera ikustea tristea» iruditzen zaien arren, prest daude gelditzen zaiena gozatzeko.