Irun eta Hondarribia, oraindik legearen azpitik: hondakinen gaikako bilketan ez dute %55eko gutxienekoa betetzen

Aitor Errazkin 2025ko uzt. 16a, 17:39

Irun eta Hondarribiako hondakinen kudeaketa izango dugu hizpide. Gipuzkoan batez beste gaikako bilketa %57,17ra iritsi bada ere, bi udalerri hauek ez dira legeak 2025erako ezarritako %55eko gutxienekora heldu. Irunek %52,19ko tasa du, eta Hondarribiak, %52,41ekoa. Biak dira Gipuzkoako udalerri handienen artean, eta, tamalez, emaitza eskasak dituzte. Datu horiek adierazten dute sistema eraginkorrak ezarri beharra dutela. Hobetzeko tarte handia dago, eta gakoa politiketan eta kudeaketa ereduan dago. Garikoitz Plazaola, Eguzki talde ekologistako kidearekin hitzegin dugu

Eguzki talde ekologistaren ustez, Irun eta Hondarribiako udalek ez dute oraindik bete Hondakinen Legeak 2025erako ezarritako %55eko gutxieneko gaikako bilketa. 2024ko datuek agerian uzten dute bi udalerriek %52 inguruko tasa dutela, Gipuzkoako batez bestekotik behera.

“Irun eta Hondarribia Gipuzkoako udalerri handien artean daude, baina hondakinen kudeaketan atzeratuta jarraitzen dute,” adierazi du taldeak. Eguzkiren esanetan, arazoa ez da tamainan, baizik eta sistema eraginkorrik ez dutela ezarri: “Zaborra gaika biltzea ez da aukerazkoa, legeak ezarritako betebeharra da, eta ingurumenarekiko konpromisoaren oinarrizko neurgailua.”

Eguzkik bi udalei eskatu die neurri sendoak har ditzatela, eta politika eraginkorrak garatu ditzatela ahalik eta azkarren, “2025a ate joka dugulako eta betebeharrak ez direlako betetzen hitzez, baizik eta ekinez”

Eguzki: Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearrak hondakinen gaikako kudeaketari buruz kaleratutako txosten osoa (HEMEN)