Heldu den uztailaren 26ean ospatuko den jaitsiera antolatzeko lanetan guztiz murgilduta dabiltza Santiagotarrak K.Eko kideak. 58. edizioa ospatuko dute aurtengoan eta Ibon Uharte bertako kideak azpimarratu digunez zita garrantzitsua da elkartearentzat. Era berean, estatu mailan ere garrantzi berezia duen froga da. Izan ere, frogarik zaharenetakoa da.
Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsiera, Beratik abiatzen da, presa zaharra zegoen lekutik kilometro eskasera. Bertatik, 17 urtetik gorako piraguista guztiak abiatuko dira, bien bitartean, 13 eta 16 urte bitarteko gazteak eta kanoistak San Migueleko geltoki zaharretik abiatuko dira. Irteerak 17:00etan eta 17:30ean izango dira hurrenez hurren. Bestalde, gaztetxoenek ere Bidasoa Txiki delakoan parte hartzeko aukera izango dute. Faisaien uhartean (Konpantzia) parean izango da irteera 15:00etan.
Kontrara, dena ez da lehia. Izan ere, 51. ediziotik antolatzen duten Jaitsiera Herrikoia ere egingo dute. Bertan, edonork du parte hartzeko aukera. Irteera San Migueleko geltoki zaharretik eginen da behin lehiakide guztiak bertatik igaro direlarik. Jaitsiera herrikoieko parte hartzaileek poltsa bat jasoko dute opari, baita Stand Up Paddle baten zozketan parte hartzeko aukera ere. Gainera, hainbat sariren zozketa eginen da bertaratutakoen artean. Besteak beste, txokolateak edo otorduak zozketatuko dira.
Antolakuntza lanak zailak direla azpimarratu du Ibon Uhartek. Esku falta nabaria baita une anitzetan. Bost laguneko boluntario taldea dabil urte osoko lanetan. Lan mamitsua da Uharteren hitzetan, administrazio eta araudi andana baitaude tartean ibaiaren kokapen geografikoa dela eta. Era berean, aurrekontua txikia dela dio, ondorioz, babesle eta laguntzaile berrien bila aritzen dira urte osoan zehar.