Euskal Jirak Irungo kaleak hartuko ditu asteburuan

Antxeta Irratia 2025ko abu. 7a, 07:41

45.edizioa izanen da aurtengoa eta bi berrikuntza nabarmenekin dator. Gurdien desfilea larunbata goizean izanen da batetik, eta bestetik, herri bazkaria eginen da larunbata eguerdian. Ohitura zaharraren berreskuratzea ilusioa pizten duen apustua da antolatzaileen ahotan.

 

Egitarau zabal eta parte hartzailea eskaintzeaz gain, hirian errotua dagoen hitzorduari duena baino are indar gehiago ematea izan da aurtengo apustua. Iazko edizioa amaitu bezain laster hasi ziren berau prestatzen. Berezitasun nagusia gurdien desfilea goizera pasatzea izan da. 11:00etan abiatuko da Letxunborrotik, ohi bezala Urdanibia enparatzan amaitzeko. Herri bazkaria berreskuratzea ere, apustu garrantzitsua izan da. Garaian, bestaren lehen edizioetan egiten zen gisan, desfilea amaitu eta bertan bazkaltzeko aukera izanen da beraz.

Egitaraua ordea, ostiral arratsaldean abiatzen da. Erraldoi eta buruhandiak izanen dira, txosnen irekierarekin batera. Haur jolas, puzgarri eta kantu jirarekin jarraituz.

Larunbatarekin, auzoetatik abiatu nahi izan dute besta eguna. Ondoren ohiko desfileari ekiteko. Irungo eta inguruko musikariek alaituko dute goizean goizeko ibilbidea, Letxunborroraino.

Egun osoko jai giroa bermatua izanen da larunbata osoan zehar. Hala azaldu digute Jon Indakoetxea eta Amagoia Izeta antolatzaileek.