Bidasoa Folk jaialdiak sei kontzertu jasoko ditu abuztuaren 22tik 24ra Irunen, Hondarribian eta Hendaiako hirigune historikoetan

Antxeta Irratia 2025ko abu. 18a, 09:47

Urtero folk musikaren esentzia eta abangoardia dakarren jaialdiak Mexiko, Bretainia, Extremadura, Aragoi eta Euskal Herriko artista ezberdinen emanaldiak jasoko ditu aurten, Gaztelu Zahar, Arma Plaza eta Junkal plazatxoan. Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoak antolatuta, emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Bidasoa Folk jaialdiak bere XXIV. edizioa ospatuko du abuztuaren 22an, 23an eta 24an. Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak antolatuta, aurtengo kartelak nazioarteko sona duten estilo askotariko artistak biltzen ditu. Eta duela mende laurden sortutako jaialdiaren helburuei jarraiki, Txingudi badian herri ezberdinetako folk proposamen abangoardistak eskainiko ditu.

Nuria Alzaga, Bidasoa-Txingudi partzuergoko presidente eta Irungo Udaleko Kultura ordezkariak, udako kultur programazioan Bidasoa Folk erreferentzia sendoa dela nabarmendu du. «Jaialdi hau gure eskualdeko mugaz gaindiko esentzia plurala da, non musikak kulturen eta belaunaldien arteko hizkuntza komun gisa jokatzen duen», dio. Jaialditik haratago, Bidasoa Folk Txingudiko hiru hirien arteko lankidetza sustatzen duela azpimarratu du.

Era berean, Bidasoa Folk gizarte eta kultura aldaketetara egokitzen jakin izan duen jaialdia dela gogoratu dute agintariek, bere esentzia galdu gabe. Heldu den urtean 25. urtemuga ospatuko du, eta berezia izango dela iragarri dute antolatzaileek. Aurtengo edizioan, aldiz, proposamen musikalaren aberastasuna eta aniztasuna azpimarratzen ditu Alzagak. Son Jarocho mexikarraren erritmoetatik hasi eta Gwennyn-en pop-rock zeltaraino; Chloe Bird eta El Gato con Jotasen joterako omenaldia; Belharraren euskarazko bluegrassa eta Joaquín Pardinilla Sextetok aragoiar folkloreari egindako berrinterpretazioa izango dira programaren pizgarri. 

Kontzertu guztiak aire zabalean egingo dituzte, eta eskualdeko hiru herriek gordetzen dituzten balio historiko handiko guneetan izango dira, arratsaldez, eta sarrera doakoa izango da emanaldi guztietan. Antolatzaileek iragarri dutenez, euria eginez gero, estalitako ordezko espazioak prest dituzte. 

PROGRAMA

HENDAIAN

Abuztuak 22, Gaztelu Zahar:

    • 20:00: Son de Madera (Mexiko)
    • 21:30: Gwennyn (Bretainia)

HONDARRIBIAN

Abuztuak 23, Arma Plaza:

  • 20:30: Chloe Bird (Extremadura)
  • 21:30: El Gato con Jotas (Extremadura)

IRUNEN

Abuztuak 24, Junkal plazatxoan:

  •  
  • 20:00: Belharra (Euskal Herria)
  • 21:10: Joaquín Pardinilla Sexteto (Aragoi)