2023an ekin zioten Balazta eta Nagusilan elkarteek adineko egoitzetako egoiliarrei zuzendutako Nagusikleta ekimena. Adineko pertsonen akonpainamendua egiten du Nagusilan elkarteak aspaldi, hauek zahar etxearen inguruetatik paseatzera ateriaz. Baina Balazta bizikletaren aldeko elkarteak Danimarkan sortutako Cycling Without Age (Bizikletaz adinik ez) nazioarteko mugimendua inspirazio iturri hartuta, triziklo moduko bizikletan txangoak egiteko aukera ematen hasi ziren.
Manu Eizagirre, Balazta elkarteko kideak dio, «hasieran zalantzak izaten dituzte, baina adinekoek asko gozatzen dute, airea aurpegian sentitu eta Irungo zein Hondarribiko txokorik urrunenetara joateko aukera dutelako». Izan ere, Irungo Meaka auzoko Ola sagardotegitik hasi eta Hondarribiko Kai Berriko muturreraino, «aspaldi ikusi ez dituzten lekuetara» eramaten dituztela azaldu digu Eizagirrek. «Adineko batzuk ez dira gehiegi ateratzen egoitzatik, eta beste asko oinez ez dira gehiegi aldentzen», dio. Esperientzia probatzen duten guztiek eskertu egiten dute, baina Balaztako kideak aitortzen duenez, «Haien bizitzako kontuak edo bisitatzen ditugun lekuetako garai bateko istorioak kontatzen dizkigute, eta egia esan, guk eskaintzen diogun hori baino gehiago ematen digute beraiek».
Zaintza komunitarioa pedalari eraginez
Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak Europan ohikoak diren trizikloak eskuratu zituen 2023an proiektua abiatzeko. Eta joan den otsailean Irungo Udalak diru lagundutako laugarrena eskuratu dutenetik, ekimena indartzeko baldintzak dituzte. Gainera, adinekoen bizitasuna areagotzeko eta bakardadea prebenitzeko ekimen gisa, Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan, adineko erresidentzietako erabiltzaileei ez ezik, norbere etxean bizi den 65 urtetik gorako edonori zabaldu diote zerbitzua aurten. Herriari itzulia emateko aukera ematen hasi ziren joan den urtarrilean Hondarribian, baina Manu Eizagirrek argitu duenez, «mementoz ez du arrakastarik lortu, jendeari lotsa ematen diolako, baina probatu dezaten nahiko genuke, jende asko dago etxean bakarrik bizi dena, eta aukera polita dela uste dugu».
Alde horretatik, Hondarribiko Udalak zahartze aktiboa bultzatu nahian, 65 urtetik gorako hondarribiarren isolamendua prebenitzeko AuzoEkin proiektura lotu nahi izan dute Nagusikleta. Eta zaintza komunitarioa indartzeko borondatea agertu dute Nagusilan eta Balazta elkarteek ere, haien ekarpena eginez. Baina proiektu honek, eta oro har, Nagusikleta ekimenak Irunen eta Hondarribian aurrera egin dezan, trizikloen pedalei eragingo dieten boluntarioak beharrezkoak dira ere. Hortaz, Bidasoaldean boluntario izan nahi baduzu nagusikleta@balazta.org helbidera idatzi edota 943 966 885 telefonora dei dezakezue.
Iragarri dutenez, trizikloak erabiltzea erraza da, baina boluntarioentzat ikastaro txikiak eskaintzen ditu Balaztak. Hurrengoa irailaren 25ean emango dute.