Ezinegon

Xuban eta Julen Zelaieta: «Guk nahiko genituzke geroz eta euskal kanta gehiago jo, horrela gazteak horretara ohituratzeko»

Ekhiñe Zapiain 2025ko ira. 4a, 13:19

Instrumentuak eskuan eta gogoa bihotzean. Horrela igo nahi lukete Ezinegon erromeria taldeko kideek Euskal Herriko herrietako oholtzetara. Elgorriagan eta Arantzan izan dira jadanik, eta «esperientzia arras politak» izan zirela azaldu digute Xuban eta Julen Zelaietak, taldeko kideak diren anaiek. Erromeria doinuetan murgilduta segitzeko asmoa dute, taldeak martxa har dezan.

Aitzakia bat behar izaten da sarri fundamentuz lanean hasteko, eta horrela sortu zen Ezinegon erromeria taldea. Elgorriagan erromeria kontzertu bat egin nahi zutela eta, taldeko kide batzuei luzatu zieten proposamena; hauek baietz, eginen zutela. Elkartu, entsegu batzuk egin eta hura izan zen «estrenu ez-ofiziala». Ez zeuden egun taldekide diren guztiak bertan, baina oholtzarekin eta jendaurrearekin lehendabiziko kontaktu bat izateko nahikoa izan zen. Ofizialki, Arantzako bestetan eman berri du lehendabiziko kontzertua taldeak, eta Xuban eta Julen Zelaieta anaiek «polita» izan zela azpimarratu dute.

Taldea sortzea «momentu bateko gauza» izan zela azaldu digu Julenek. Izan ere, hasieran hiru pertsona zebiltzan asmoaren bueltan, eta Elgorriagako proposamena jaso zutenean jende gehiago biltzen hasi omen ziren: «Galdetu ziguten, animatuko zarete jotzera? Eta guk, benga, goazen! Horrela hasi ginen jendea biltzen». Batzuk handik eta bertzeak hemendik, Julen, Maialen, Iraide, Joana, Xuban, Amaiur, Koldo eta Jon Anderrek osatzen dute taldea. Tronboia, trikitixa, baxua, perkusioa zein pianoa jotzen dituzte.

Lana, baina plazerez egiten dena

Erromeria taldeek kontzertu luzeak egin behar izaten dituzte, eta maiz txanda ezberdinetan banaturiko emanaldiak dira eskeintzen dituztenak. Arantzako kontzertuan hala egin zuten, eta lehendabiziko hura baino «gehixeago landu» zutela aitortu digute: «Denbora gehiago jo behar genuen eta bi emanaldi ziren gainera. Hori dena lantzeko denbora gehiago behar genuen», azaldu digute.

Oraingoz bertsioak dira jotzen dituzten abestiak, eta kantak biltzea baino, instrumentu guztietara egokitzea izaten da lan pisutsuena: «Denen artean egiten dugu dena normalki. Pentsatzen dugu: zein kanta nahi dugu jo? Eta zerrenda bat egiten dugu. Aditzen ditugu abestiak, eta baloratzen dugu zein atera daitekeen eta zein ez. Zailena da, kantuak hautatzea baino, instrumentu guztietara eta tonalitate guztietara egokitzea abestiak. Hori izaten da zailena harrapatzeko».

Hala ere, egin dituzten entseguetan «jende dezente» bildu direla aitortu dute, eta beraz, horretan segitzeko asmoz daudela: «Momentuz badugu fundamentua anitz biltzeko, beraz, hurrengo urteetan horrekin segitu nahi dugu».

Jotzeko prest, doike baietz!

Agendan oraingoz hitzordurik ez duten arren «jotzeko prest» daudela agertu dute taldekideek. Beraz, sare sozialetan sortu duten kontu baten bidez «kontratazioetara zabalik» daudela erran digute. Hauek dira haiekin harremanetan jartzeko bideak:

Gazteek bertzelako musika erritmoak dantzatzen dituzten garai hauetan erromerien alde egiten dute taldekideek: «Guk nahiko genituzke geroz eta euskal kanta gehiago jo, horrela gazteak horretara ohituratzeko», azaldu dute.

Inguruan badituzte talde zein musikari erreferenteak, eta oraindik ideia zehatzik ez duten arren «taldea egiten» segitu nahiko lukete hemendik aitzinera, eta garbi adierazi dute: «Segitzeko asmotan gaude, doike baietz!».