Kemen dantza taldea

«Pragako Alde Zaharretik ibili ginen Ezpatandatzan udan, ikusgarria izan zen»

Antxeta Irratia 2025ko ira. 9a, 09:46

Uda oparo baten ondotik ikasturte berriari ekiten dio Kemen dantza taldeak. Pragako Folklore Days jaialdian edota Irungo Euskal Jiran aritu eta gero, gaur (irailak 9) Hondarribiko jaietan Ezpatadantza saioa eskainiko dute Alde Zaharreko kaleetan. Adaxka taldean 6 urtetik gorakoentzat euskal dantza ikastaroetarako izen-ematea zabalik dute dagoeneko, Uranzuko haien egoitzan ez ezik, Txingudi Ikastola, Eguzkitza, Toki Alai eta Hondarribiko Bordarin eta Biterin ere.

Kemen dantza taldea ikasturte berria prestatzen ari da. Urtero bezala, Irun eta Hondarribiko 6 urtetik gorakoei zuzendutako euskal dantza ikastaroak antolatzen ditu eskolan, zein Uranzuko haien egoitzan. Aurten Txingudi Ikastola, Eguzkitza, Toki Alai eta Hondarribiko Talaiako Bordari eta Biteriko ikasleei zuzendutako ordutegi eskaintza anitza proposatzen dute. Izen-ematea zabalik dute ikasturte berrirako, adaxka@kemendt.com helbidean edota 688 920 160 telefonora deituz. 

Kemen taldeko Naroa eta Maitanek aipatu digutenez, ilusioak berriturik abiatzen dute ikasturtea, uda luze baten ondotik. Izan ere, Irungo sanmartzialetaklo ohiko ekintzekin hasi, eta Euskal Jira zein Moskuko Jaietan ere parte hartu dute. Eta uda borobiltzeko, irailaren 9 honetan Hondarribiko jaietan parte hartuko dute 18:00etan Gernikako Arbolatik hasi eta Ezpatadantza saioa Alde Zaharreko kale eta plazetan zehar eskainiz. 

Bestalde, aurten Kemeneko dantzari gazte eta helduek uztaila erdialdean Praga Folklore Days jaialdian parte hartu dute, eta dantzarientzako esperientzia aberasgarria izan dela dioto. Baita euskal dantza nazioartean erakusteko ere. «Pragako Alde Zaharretik ibili ginen Ezpatandatzan, eta badakizue dantzari bat altxatzen dugula eta haientzako ikusgarria izan zen». Uda pasatuta, gaur Hondarribiko jaietan ariko dira Alde Zaharreko kaleetan Ezpatadantza eta Brokel zikloa dantzatzen. Baina ikasturte berrian dute begirada pausatua, Bidasoaldeko familiek etxeko txikienak Adaxka taldean izena eman ditzaten animatuz.

Adaxkaren aurtengo ikastaro eta ordutegi eskaintza. Harremanak: adaxka@kemendt.com eta 688 920 160