«Maldak igotzera bultzatzen gaituen hori ez da iraganaren erromantizazioa, grin eta gogo bat baizik. Baina baita inposaketari aurre egiteko ekintza sinbolikoa, bertze aldera begiratzeari uztea». Ideiak argi dituzte Basaizea elkarteko kideek eta Baztango Gazte Asanbladako lagunek, baita gazte erratzuarrek ere. Duela urte batzuk ekin zioten Baigorri eta Baztanen arteko elkarlanari eta aurten, hilaren 19 eta 20an antolatuko dituzte hirugarrenez Izpegiko Bestak. Ane Fagoaga erratzuarrarekin solastatzeko aukera izan dugu eta «mugarekin hautsi nahietik» sortu zen ekimenari buruzko xehetasunak eman dizkigu.
Izan ere, duela urte batzuk, bizi zuten errealitatea aldatzeko zerbait egin behar zela ikusi zutela berretsi du Fagoagak: «2022an Izpegiko kaskoan ekintza bat burutu genuen eta kartelak aldatu genituen, aldarrikatzeko gurea herri bakarra zela. Nahiz eta ondoan bizi, bagenuen muga fisiko bat, eta batez ere psikologikoa ere bazena. Ondoan ginen arren ez genuen harreman handirik bi herrien artean eta ikusi genuen besta bat egokia izan zitekeela jendeak elkar ezagutzeko eta muga horrekin hausteko». Erran eta egin. Izpegiko bestek harrera ederra izan zuten lehendabiziko aldi hartan, eta geroztik urtero antolatu dituzte. Aurten, hirugarren urtea izanen da.
Asteburu boribila
Aldarriak elkarbanatzeko, harremanak egiteko eta bestaz gozatzeko bi egunetako egitaraua antolatu dute Izpegiko kaskoan datorren irailaren 19 eta 20an:
Irailaren 19 ortziralea
- 19:30. Mahaingurua Bereko Bentan. “Iparretarrak: memoria kolektiboa eraikitzeko lorratzak”. IK-ko kide ohiekin eta bertze militante batzuekin.
Irailaren 20 larunbata
- 08:30. Mendi martxa Baigorritik
- 11:00. Bizikleta igoera Baigorriko Elizako plazatik eta Erratzuko plazatik.
- 11:00. Pontx pailazoaren “Bisitari” ikusgarria
- 12:00. Zintzur bustitzea Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin
- 13:30. Ekitaldi Nagusia
- 14:00. Bazkari herrikoi alaitua “Inen da zeit” txarangarekin.
- 17:30. Poteoa 3 bentetatik Utxarangarekin
- 20:30. Tukukarrakak Batukada karpan
- 21:00. Afari eskaintza Baigorriko ikastolak antolaturik
- 22:00. Kontzertuak: Olaia Inziarte, Txopet eta DJ Üzkülüz
Bazkarirako txartelak Basaizeako webgunean (basaizea.com), Baigorriko Oronoz saltegian eta Erratzuko ZubiPunta ostatuan eskuratu daitezke; autobus zerbitzua ere antolatu dute larunbaterako eta aste honetan emanen dituzte xehetasunak sare sozialetan.
Askatasunaren eta elkartasunaren alde
Urtero Izpegiko kaskoan besten hitzordua antolatzeaz gain «urte osoan harremana mantentzea» erronkatzat hartu zutela azaldu digu Fagoagak. Hain zuzen, antolakuntzan daudenen artean «harreman polita eta laguntasuna» sortu dela nabarmendu du; eta noski, hori zabaltzea dute xedetzat.
«Baigorriko eta Baztango herritarrak herri beraren parte garela» erakusteko jarri dute hitzordua bertze behin. Aurten gainera, memoriari tiraka eginen dute, «iraganaren kontakizunak orainaren irakurketa baldintzatzen duela» jakinik, eta «sinesten dugun horretan eraikitako herriaren eta jendartearen alde» lan egiteko prest.
Irailaren 19 eta 20an beraz, «askatasunaren eta elkartasunaren alde» egiteko hitzordura gonbidatzen dute nahi duen oro.