«Gure elikadura jaten duguna baino aunitzez ere gehiago» dela erakutsi nahi du Lurretik Ikasiz elkarteak. Orain dela urte batzuk sortu zen, eta ikasleei zuzendutako material sorta eskuragai jartzen dute haien webgunean, «bizimodu iraunkorrago baterat urratsak ematen hasteko tresna baliagarriak eskaintzeko» xedez.
Ikasturte honetarako proiektu berri bat aurkeztu dute: 7 etxalde, 7 aukera ekimena. Berrikuntza gisara, elkarteko kide diren ekoizleak ikastetxeetara joateko prest daudela jakitera eman dute, eta aldi berean ikastetxeetako komunitateari etxaldeetara bisita egiteko gonbita luzatu diete.
Bisita hauek egiteak eta ideiak elkarbanatzeak duten garrantzia azpimarratu nahi izan du elkarteak: «Ikasleentzat, etxaldeetara joateak aukera aunitz eskaintzen dizkie; landareak eta abereak ikusi, lantokia bisitatu, elaborazio gelak nolakoak diren ikusi… zalantzarik gabe, ahaztezina izango den bizipen bat izango da. Bertzalde, ekoizleak ikastetxeetara joatearekin ere, lehen sektorea eta jaten dugunarekiko kontzientzia handiagoa lortuko dute eta ekoizleak nekazaritza, abeltzaintza edo elaborazioari buruz solasteko aukera izanen dute», azaldu dute.
Zazpi kidek osatzen dute Lurretik Ikasiz elkartea eta beraz, zazpi etxalde ezagutzeko aukera izanen dute ikastetxeek:
- Agorleku (Lesaka, artzaintza eta gazta).
- Autxitxia (Elizondo, artzaintza eta gazta).
- Baztango xurie (Arizkun, ardogintza)
- Erlanki (Bera, erlezaintza)
- Jauregia (Aniz, abeltzaintza eta esnekiak)
- Maira (Etxalar, ogigintza)
- Martinea (Zugarramurdi, baratzegintza).
Kontakturako telefonoak ere eskuragarri jarri dituzte: (+34) 618333788 eta (+34) 633377237.