Osakidetzak gaur aditzera eman du, Osasun Sailak Bidasoko ospitaleko bloke-kirurgiko berria egiteko 24 milioi euroko kontratua esleituko duela. Horietarik 11 milioi euro eraikuntza lanetarako bideratuko dituzten bitartean, gainerakoa puntako teknologiako ekipamenduetan eta zuzendaritza berritzeko instalazioetan inbertituko dute.
Azaldu dutenez, Obrak aurtengo azken hiruhilekoan hasiko dira, eta aurreikusten dutenez, 24 hilabeteko epea izango dute burutzeko. Ekipamendu berriak sei ebakuntza-gela berri eta anestesia ondoko errekuperazio-eremu bat izango ditu. Bigarren solairuan eraikiko da, eta 2.090 metro koadroko azalera erabilgarria izango du. Horrenbestez, orain baino 600 metro koadro gehiago izango ditu ospitaleak horretarako.
Horri esker, jarduera kirurgikoa %50 batean handitu ahal izango da, Irungo eta Hondarribiko biztanleei ematen zaien asistentzia hobetuz eta modernizatuz. Gogoan hartu behar da gainera, Bortzirietako herritarrek eta Lapurdin bizi diren 4.000 mugaz gaindiko langileek ere erreferentziazko ospitalea dutela.
Bestalde, bloke kirurgiko berria eraikitzeko lanak egiten diren bitartean, Bidasoko ospitaleko jarduera kirurgikoa bermatuta egongo da une oro. Obrak martxan egongo direnean, programatutako jarduera zentroan bertan mantenduko da, eta pazienteek ez dute beste ospitale batzuetara joan beharko arreta jasotzeko.
Beste konpromiso batzuk
Osasun Sailak eta Osakidetzak Bidasorako Osasun Plan Integralarekiko duten konpromisoetako bat da honakoa, izan ere, ospitalea ez ezik, Lehen Mailako Arretan Irun Erdialdean eta Oinaurre auzoan osasun zentro berriak eraikitzeko 50 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu dutela gaineratu du Eusko Jaurlaritzak.
Era berean, Alberto Martinez Osasun sailburuak aditzera an du, Osakidetzak Irungo Lapitze auzoan Alarde kalean duen 500 metro koadroko lokala gaitzeko eta birmoldatzeko proiektuaren idazketa esleituko duela datozen hilabeteetan, aurreikuspenen arabera 2026ko udan, eta bertan Pediatria kokatuko dute.