Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak bere gobernu bilera Irungo Gordailuan (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan) egin du gaur. Gipuzkoako Foru Aldundia lurralde osoan lanean ari dela irudikatu nahi izan du legegintzaldi honetan. Eta «tokiko administrazioen arteko lankidetza estutzen jarraitzeko eta herritarrengana hurbildu asmoz», foru diputatuen asteroko bilera ofiziala Irunen egin dute.
Gobernu bileran parte hartzeaz gain, diputatuek gertutik ezagutu ahal izan dute erreferentziazko gune horren lana. Gordailuak Gipuzkoako arkeologia, paleontologia eta etnologia ondarearen 700.000 pieza biltzen dituela nabarmendu du Eider Mendozak, sailaren 10. urteurrena ospatzen ari den honetan.
Irungo erronkak hizpide
Irun 16. udalerria da foru diputatuen kontseilu ibiltari hauetako saio bat jasotzen, eta Eider Mendoza diputatu nagusiak, aldundiaren gobernu erabakietatik harago, Cristina Labordarekin lan bilera egiteko aprobetxatu du hirira egindako bisita. «Irunek erronka handiak eta politak ditu aurretik, eta erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta, eskutik helduta aurrera ateratzeko borondatea» adierazi nahi izan du Mendozak. Irun, lurraldeko bigarren hiria dela gogoratu du diputatu nagusiak, eta Gipuzkoaren dinamismo ekonomiko eta sozialerako funtsezkoa den heinean, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak partekatzen dituzten proiektuetan, «aurrera egitea irundarren eta gipuzkoarren mesedetan» egitea dela gaineratu du.
Mezu positiboa helarazi nahi izan du bere bisitan, eta bere hitzetan, «azken urteetan lankidetza hori fruituak ematen ari da Irunen, eta ematen jarraituko du». Izan ere, azken asteetan Arbesko Egoitza adinekoen erresidentzia berriaren urbanizazio lanak hasi eta, aurki eraikuntza obrak hasiko dituztela nabarmendu du Mendozak, «zaintza ereduan eraldaketa sakona» ekarriko duen azpiegitura bat izanik.
Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Irunekin duen «konpromisoan» jarri du azpimarra Eider Mendozak. Izan ere, legegintzaldi honetan, besteak beste, 50 milioi eurotik gorako inbertsioa adostua dute Irun eta Bidasoaldeko errepide azpiegituren Plan Integrala aurrera eramateko. Besteak beste, Arbesen A-8arekin lotune-erdi berria eraikitzea ekarriko duena, dagoeneko Oinaurren egindako sarbidearekin lotura eginez.
Era berean, diputatu nagusiak hiriko kirol instalazioak modernizatzen laguntzeko «determinazio osoa» adierazi du. Batetik, Irungo Udalak abiatu duen IAM pabiloiaren oinarrizko Plan Zuzentzailearen garapenerako, eta bestetik Txenpereneako atletismo kirol instalazio berriak eraikitzeko ere.
Bestalde, Irungo ekonomia garatzeko aukerak ikusten ditu Mendozak Via Irun proiektuari esker sortuko diren eremu berrietan. Zubietako Parke Teknologikoa zabaltzeko proiektuarekin bezala, Via Irun ere garatzen laguntzeko prest dago Foru Aldundia, «lehiakortasuna eta berrikuntza» bultzatuz, eskualde osoaren eta lurraldearen «etorkizun ekonomikoa» bermatzeko.
Cristina Laborda Irungo alkateak diputatu nagusiaren babesa eta lankidetzarako konpromisoa eskertu du gaurko bisitan, eta «badakigu Irunentzat onuragarria dena Gipuzkoarentzat ere onuragarria izango dela», adierazi du Labordak.