Eusko Jaurlaritzaren «kazikada» gelditzea eskatzeko gutuna entregatu dute pentsionistek Irungo udaletxean

Koldo Nausia 2025ko ira. 22a, 13:11

Gutxieneko pentsioak soldata minimoarekin alderatzea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko 145.000 sinadura aurkeztu eta gero, Eusko Jaurlaritzak txosten tekniko bidez blokeatu nahi duela salatzen du pentsiodunek. Herri Ekimen Legegilearen bidea galarazi ez dezaten eskatu diote PSE eta EAJ alderdiei. Irailaren 25ean Gasteizen manifestatzera deitu dute.

«Bitan engainatu gaituzte», diote pentsionistek. «Demokraziaren kontrako eraso larria» dela pentsatzen dute, juridikoki eskatu zaien epe eta forman aurkeztutako 145.000 sinaduren balioa «erabaki politiko batekin blokeatu nahi izatea». Irailaren 25ean Eusko Legebiltzarrean EHPMk (Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua) aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea (HEL) tramitera onartzea ala ez erabakiko dute, eta Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko Herri Ekimen Legegilea izapidetzearen aurka egindako txostena ezagutu ondoren, EHPMk pentsiodunen aldarrikapenak entzunak izan daitezen eskatzeko gutuna entregatu du gaur EAEko 100 udaletan.
 
Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak ere, astero San Juan plazan egiten duen elkarretaratzea bukatutakoan egin du bere gutunaren entrega Irungo udaletxean, baita eskutitz bana entregatu ere, PSE-EE eta EAJ alderdiei zuzenduta. Bertan koalizioan gobernatzen duten sozialistei eta jeltzaleei, hain justu, Eusko Jaurlaritzan ere 2018an pentsiodunak mobilizatzen hasi zirenetik egin dituzten eskaerak behingoz entzun ditzaten exijituz.
 

Txingudiko Pentsionisten Mugimenduko ordezkariak gaur Irungo udaletxera sartzen, gutuna entregatzeko.

Izan ere, azken urtebetean eskualdez eskualde, Eusko Legebiltzarrean pentsio publikoak duintzeko eztabaida dezaten 
Herri Ekimen Legegilea bultzatzeko egindako kanpainari esker, 145.000 sinadura aurkeztu dituzten arren, Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen txostenarekin, herri ekimenari «karpetazoa» eman nahi diotela salatzen du pentsiodunen mugimenduak. «Lotsagarria da, onartezina bide juridikotik baldintza guztiak bete dituen prozesu bat, politikoki galaraztea horrela erabakitzea», kexu da Shole Aguirre Txingudiko Pentsionisten plataformako kideak. 
 
Bide demokratikoak ezbaian
 
Alde horretatik, alderdi politiko guztiei pentsio minimoa igotzearen alde bozkatzea, «edo gutxienez, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko bidea galarazi ez dezatela» eskatzen diete. Agintariak «mugarik gabeko zinismoarekin jokatzen dutelako», leporatzen diete. «Haien estrategia hitza ukatzea da, haien diskurtsoak ez duelako azterketa publikoa eusten», diote. Eta uztailaren 17an haiekin izandako bilkuraren ondotik, gobernuaren jarrerari buruz «ditugun itxaropen txarrenak betetzen ari dira», azpimarratu dute pentsionistek.

Deia egin dute hilaren 25ean Gasteizera manifestatzera joateko. Autobusa antolatu dute (Biseratik 8:00etan).

Plataformak oroitarazi du, jubilatzeko adina 65,2 batez bestekoa dela gaur egun Espainiako estatuan, eta 2018 urtetik urtebete atzeratu egin dela. Baina hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuak langileen erretreta-adina are gehiago atzeratzeko beharra nabarmendu duela, pentsio sistema publikoak ez duelako kotizazio nahikorik. «Ez digute ziria sartuko, ongi baitakigu sistemak agindutako langileriaren prekaritatea dela arazoa, eta 2018an gazteek orain baino soldata hobeagoak zituztela, horregatik ez dituzte kotizazioek aski ematen», gogoratu dute San Juan plazako gaurko agerraldian.
 
Emakume pentsionisten prekarietatea jokoan
 
Eusko Jaurlaritzak egindako txostenak Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren laguntzak daudela argudiatu du, pentsio apalenak dituzten pertsonen egoera ekonomikoa hobetzeko neurri eraginkorra delakoan. Haatik, pentsiodunen mugimenduak argitu du, diru-sarrerak osatzeko laguntza hauek adin aktiboan dauden pertsonentzat diseinatu eta pentsatuta daudela, laneratzea sustatzeko, eta pentsiodunen kasuan «porrot» egin duela. Izan ere, 15.000 hartzaileek LGStik beherako diru-sarrerak dituzten 160.000 pentsiodunen %9,3 baino ez dira, gehienak emakumeak.
 
Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak emakumeekin dagoen «zor historikoan sakondu» egiten duela salatu du, «100.000 pentsionista baitaude hilean 400/600 euro arteko pentsioekin, gehienak emakumeak dira, eta diru kopuru horrekin nola ahal da bizi?», galdetzen du Shole Aguirrek.
 
Horiek horrela, 145.000 sinadura babesten duen HEL ekimena blokeatzeak «demokraziaren kontrako erasoa» dela ulertuta, EHPMk EAEko hiru hiriburuetan kaleak hartzeko manifestazioak deitu ditu ostegunean, irailaren 25ean. Eta Gasteizen 10:30ean abiatuko den mobilizaziora joateko autobusa antolatu du Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak. Eusko Legebiltzarrean egun horretan eztabaidatuko baitute HEL tramitera onartzea ala ez, eta «jendea esnatu eta presio ematea» ezinbestekotzat jotzen dute.