Aroztegia Elkartasun Komiteak epai justu bakarra "absoluzioa" dela azpimarratu du

Paola Oskoz 2025ko ira. 23a, 12:10

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaia eman zuen argitara, pasa den ortziralean. Horren aitzinean, Aroztegia Elkartasun Komiteak prentsaurreko jendetsua eman zuen atzo Elizondoko Iriarte pilotalekuan. Epaiak "argi-ilun anitz" dituela aipatu zuten bertan. Izan ere, ontzat eman zuten kartzela zigorrik ez jasotzea, baina "62.000 euroko isuna pagatzera kondenatzea" bidezkoa ez dela ere adierazi zuten. 

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaia eman zuen argitara, pasa den ortziralean. Bertan, auzipetuek kartzela zigorrik jasoko ez dutela adierazten zen, baina guztiek isun ekonomikoak ordaindu beharko dituztela. Honen aitzinean, Aroztegia Elkartasun Komiteak epaiaren inguruko bere hausnarketa plazaratu nahi izan zuen eta horretarako, atzo (irailaren 22an), prentsaurreko jendetsua eman zuten Elizondoko Iriarte frontoian. Komitearen hitzetan, epaiak "argi-ilun anitz" ditu. Alde batetik, ontzat eman dute kartzela zigorrik ez jasotzea, baina aldi berean, borrokak aitzinera segitzen duela ere azpimarratu zuten. 

Aroztegia Elkartasun Komitearen iritziz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak argitara emandako "epaiak argi-ilun anitz ditu". Alde batetik, "sententziak Palacio de Arozteguia S.M.k eta Fiskaltzak gure gain paratu nahi zuten akusaziorik larriena baztertu du: talde kriminal baten parte izatea. Zentzu honetan, oraingoz, absoluzioa lortu dugu", adierazi dute. "Honekin, zazpi herritar kartzela zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere. Beraz, herri mugimenduetatik gaur badugu zer ospatu", gaineratu zuten. Garaipen txiki hau mobilizazioei esker eman dela ere argitu zuten: "Sententzia hau mobilizaziorik gabe ez zen lortu izanen, borrokatzeak eta protestak balio duela berresten dugu beraz. Hondar urteko elkartasun uholdeak sententzia honetan berebiziko garrantzia izan duela argi dugu eta borrokatzeak merezi duela erakutsi dugu". 

Bertzalde, "bizi osorako zigor ekonomikoa" sahiestu egin dutela ere ospatu zuen Komiteak, nahiz eta oraindik isun batzuk ordaindu behar dituzten epaiaren arabera: "Epaiak alde batera utzi du Palacio de Arozteguia S.M.k gure gain ezarri nahi zuen bizi osorako zigor ekonomikoa. Behin eta berriz errepikatu dugu Aroztegiko proiektua ez dagoela geldi, guk obra momentu puntual batean gelditzea lortu bertzerik ez dugula egin eta epai honek hori berresten du. Beraz, enpresari gure sakeletatik 43milioiak lortzeko bidea itxi diogu. Enpresa honek aspalditik erakutsi du herritarren kriminalizazioaren bitartez, bere helburua diru publikoa eskuratzeko bidea egitea dela eta kasu honetan berriz ere herriaren indarrari esker traba bat aurkitu du".

Hala ere, orandik borroka martxan dagoela oroitarazi zuten, "epai justu bakarra absoluzioa dela" alegia. "Euskal Herrian historikoki errepresioa pairatzea normalizatzera ailegatu bagara ere, edozein zigor neurrigabekoa da. Gainera jakinik espekulatzaileak eta beren laguntzaile diren Nafarroako Gobernua eta hau sostengatzen duten alderdi politikoek ez dutela inolako ondoriorik jaso, Aroztegiko auzian erantzule zuzenak izanik ere", azpimarratu zuten. Epaiak 62.000 euro ordaintzera ere behartzen ditu auzipetuak, nahiz eta dagoeneko 56.000 ordainduak dituzten. Hau guztia salatu zuten Komitekoek: "Prozesu guzi hau barrabaskeria galanta izaten ari da: denen lurra defenditzeagatik bortxa eta derrigortze delituengatik kondenatzea, milaka euroko kalte-ordain eta 62.000 euroko isuna pagatzera kondenatzea ez da bidezkoa ezta onargarria ere. Gogora ekarri nahi dugu lau urte luze daramazkigula gure bizitzak kolokan, gure gorputzetan bide judizialaren bortizkeria sufritzen eta oraindik denbora dezente pasatzen ahal dela hondar epaia irmoa izan artio. Ez da bidezkoa makro proiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek,ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek, inolako ondoriorik jaso ez eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea".

Aldi berean,  Aroztegiko UGEP proiektua oraindik martxan dagoela ere oroitarazi nahi izan zuten Komitekoek, eta erantzuleei behin betiko bertan behera uztea eskatu zieten: "Gaur hemen bildurik, berriz ere baieztatzen dugu gure konpromisoa: Aroztegia geldituko dugu, eta gure herriaren alde segituko dugu lanean, tinko eta elkarrekin". Izan ere, borroka hau herri oso batena dela adierazi zuten, ez soilik zazpi auzipetuena: "Epai hau herri oso baten borroka baten testuinguruan ulertu behar da. Herri bezala erakutsi dugu badugula ospatzeko hamaika arrazoi: erresistentziaren indarra, auzolanaren balioa, eta gure lurra defenditzearen zilegitasuna. Marea horia indartsu agertu da otsoaren hortz zorrotzen aitzinean. Aroztegiko borroka ez da soilik tokiko auzia, gure etorkizuna eta gure herriaren erabakitze eskubidea jokoan dago". Horregatik beragatik, herri mugimenduaren lanean sinetsirik, elkarturik segituko dute Aroztegiko proiektuaren kontra, bidegabekeriei modu kolektiboak erantzunez. Heldu diren asteetan elkartasun kanpaina bat abiatuko dutela jakinarazi zuten, "bakoitzak ahal duen ekarpena egiteko" eta herritarrei horra batzeko deia eginez bukatu zuten atzoko hitzartzea.