Euskal Hirigine Elkargoaren Gure Ondare Naturala eskaintza deialdian irabazle suertatu zen Metaka Auzolanaz proiektua. Hasiera batean, CPIE erakundeak proposaturiko ekimen bat zen, eta bidean Urruñako eta Berako Udalak gehitu dira antolakuntzara. Jon Frahier, CPIEko kideak, hala azaldu du: «Gure Ondare Naturala zen deialdiaren izenburua, eta erakundean gogoetan, pentsatzen aritu ginen zer aurkezten ahal genuen. Eta ideia hori ukan genuen. Ohartu ginen Nafarroan batez ere, segitzen zutela iratze-metak egiten, eta Iparraldean pena zela osoki desagertua izatea hori. Beraz, zergatik ez planteatu proiektu bat berriz ere horrelako iratze-metak osatzeko?», azaldu du.
Elkarrekin egindako iratze-metak
«Aktoreen arteko proiektu bat izatea» zen helburu nagusia hasieratik, eta hala, Fraihek azaldu du taldetxo bat muntatu zutela egitasmoaren antolakuntzarako. Aitor Elexpuruk, Berako auzapezak, parte-hartzeko proposamena nola hartu zuten ere erran du: «Guk proiektuaren berri izatean, bilera bat egin genuen eta segituan erabaki genuen parte hartzea eta elkarlanean aritzea. Lehendik ere, Urruñako herriko etxearekin baditugu hainbat proiektu, eta hau bertze bat izanen da, inongo arazorik gabe», erran digu.
Bertzetik, Urruñan ere ongi ikusi zuten ideia, eta gainera, bertan egiteko aukera erdietsi zutela dio Nicolas Regerat, herriko hautetsiak: «CPIEk proposatu zuelarik, lekua atzeman genuen: Batzarleku. Hor biltzen ziren Urruñako eta Berako jendeak; arazoren bat bazen, hor biltzen ziren solastatzeko eta konpontzeko».
Urriaren 17 eta 18rako antolatu dute beraz, Metaka auzolanaz egitasmoa. Betiere, iratze-meten berrosatze publiko eta parte-hartzaile bat eginen dutela gogorarazi du Frahiek: «Helburu desberdinekin osatutako atalak izanen dira, hori da proiektu honen aberastasuna. Helburua zen tokiko jakintza eta praktika zaharren balioztatzea, eta tokiko nekazaritza eta artzantza praktiken deskubirtzea. Ohartzen ginen gaur egun jendeak mendia erabiltzen duela eta maite duela, naturaz gozatzen duela, baina ez direla konturatzen gaur egun eskaintzen den natura hori nekazarien eta laborarien bidez posible dela», azaldu du.
Gaineratu du, aktore ezberdinak elkartzeko ere baliatu nahiko luketela proiektua: «Metaren inguruan aurrean eman dugu laborantzaren garrantzia gure mendian. Beraz, erabaki dugu etorraraztea hainbat aktore desberdin. Mendiko kudeatzaileak, eragile kulturalak… hor ere ikusi dugu manera bat azpimarratzeko iratze-metak baziren garaian auzolanean aritzen zirela laborariak, eta manera horretan guk ere auzolanean eta modu parte hartzailean nahi genituen berriz osatu meta horiek», adierazi du Fraihek.
Urriaren 17an ikastetxeentzat; 18an, publiko zabalari begira
Egitasmoa bi egunetan banatzea erabaki dute antolatzaileek. Urriaren 17an Urruñako zein Berako ikastetxeekin landuko dute iratze-meten inguruko edukia, eta 18an, publiko zabalari begira antolatu dute eguneko egitaraua. Hala azaldu du Fraihek: «Urriaren 17an Urruñako eta Berako ikastetxeak gonbitatu ditugu, eta iratze-metak berrosatzera etorriko dira. Atzeman dugu aukera polita zela Urruñako eta Berako gazteen artean harramank sortzeko. Ez dira bortxaz anitz gurutzatzen, eta horrelako proiektuak garrantzitsuak dira. Tailer ezberdinak proposatuko ditugu, eta ikasleak elkarren artean nahasiz, batetik bertzera pasatuko dira».
Biharamunean, nahi duen orok izanen du egitasmoan parte hartzeko aukera: «Egun horretan meta osatzeak izanen dira, eguneko zentroan kokatuko dena. Inguruan erakusmahaiak, natura ateraldiak, produktuak dastatzeko aukera… eta aktore guztiekin hitz egiteko eta topatzeko aukera izanen da», azaldu du Fraihek.
Jendea gogoz
Elexpuruk azaldu du Berako parte-hartzaileak biltzen ari direla, eta jendea gogoz dagoela hitzordurako: «Ikastetxeek baieztatu digute, eta herri kirolariak, bertsolariak… izanen dira. Beratik margolari batek ere parte hartuko du, eta aipatu nahi nuke Nafar Gobernuko teknikariak ere etorriko direla. Mendiaren kudeaketa Nafar Gobernuaren ardura da, eta Iñigo Villanueva eta gure basozaina bertan izanen dira», adierazi du.
Urruñan ere, jendea gogoz dago: «Taldeak gogotsu etorriko dira, artista batzuk, eta elkarteak ere hor izanen dira animazioak egiteko. Ikastola ere bertze eskolekin batera hor izanen da, ikusteko euskara dela gure arteko lotura egiten duena. Horrelako ekimenek ere laguntzen dute euskara zabaltzen» azaldu du Regeratek.