Irunen 2021ean ekin zioten 'Haurrak Parkean' ekimenari, eta emaitza baikorrak izan zituen haurrak eskolaz kanpoko aisialdi denboran ere, euskaraz egin dezaten dinamikak bultzatzeko. Gerora lotu zitzaion Hondarribiko Udala 2023an 'Parketarrak' ekimenarekin. Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileek dinamizatuta, funtsean jolas-kooperatiboak proposatu eta herriko haur-parkeetan adinaren arabera egokitutako dinamikak martxan jarriaz euskarari eragitea dute helburu. Hondarribian aurreko bi urteetan Puntaleko haur-parkean egindakoen ondotik, oraingoan Biteriko parkean egingo dute.
Mertxe Gerrikok, Mintzalagunako dinamizatzaileak azaldu digunez, Hondarribian halako jardueren beharra dagoela identifikatu zuten, «geroz eta txikiagoen artean ikusten dugulako herrian erdaraz harremantzen direla, eta hori ohitura bilakatzen da». Alde horretatik, herritarren %70a euskal-hiztuna bada ere, 2021ean egindako azken inkestek diote %16ak egiten duela euskaraz kalean, eta gazteen artean oraindik ere apalagoa dela, dio Gerrikok kezkaturik. Tamalez, «haur askorentzat euskara eskolarako hizkuntza bilakatu da, eta aisialdian ere, eskolaz kanpo gozatzearekin lotu dezaten bilatzen du egitasmo honek», argitzen du.
Adinaren araberako dinamikak
Parketarrak egitasmo honetan umeak adinaren arabera bi taldetan banatzen dituzte. Batetik, 'Zabu-Zibu' izeneko taldean 3-5 urte bitarteko haurrak eta haien gurasoek parte har dezakete, beti ere hezitzaileek dinamizatuta. Eta bestetik, 'Txirrintxon' izenekoan 6-9 urte bitarteko haurrak gomit izango dira, hauek gurasorik gabe.
Hondarribian Biteriko parkean izango dira 'Parketarrak' jolas saioak urriaren 2, 9, 16 eta 23an, 17:00etan. Irunen, aldiz, hitzordu ezberdinak antolatuko ditu Euskara Zerbitzuak, hirian dauden 50 bat haur-parkeen artean, auzoka oreka mantentzeko. Urriko asteazkenetan, (urriak 1, 8, 15 eta 22an) Oinaurreko parkean eta Palmera Monteroko Nagore Laffage parkean egingo dituzte. Azken honen kasuan, eguraldi txarra balitz, Alzukaitz kaleko Toki Alai eskolara lekuz aldatuko dute. Ostiraletan, aldiz, urriak 3, 10, 17 eta 24an, Partxiseko parkean eta San Juan plazan izango dira saioak. Irungo hitzorduak 17:00etan dira Zabu-Zibu (3-5 urtekoentzat) programan, eta 18:00etan Txirrintxon (6-9 urtekoentzat) saioetan.