ChatGPT5: Aurrerapena ala itxaropen zapuztua?

Aitor Errazkin 2025ko urr. 3a, 11:59

Gaur adimen artifizialarekin erlazionatutako azken berriak ekarri ditugu. Lehenik eta behin, ChatGPTren eguneraketa aipatu behar dugu, izan ere 4. bertsiotik 5. bertsiora igaro da. Hasiera batean hobekuntza handiak ekarriko zituela espero bazen ere, ez du guztien gustua bete. Bide batez, OpenAIren egoera ekonomikoari eta Copilot inguruko eztabaidei ere begirada bat emango diegu.

ChatGPT 5. bertsioa ofizialki aurkeztu da, baina erabiltzaileen artean ez da aurreko saltoak (3.5etik 4ra) sortu zuen arrabots bera sortu. Teorian hobea da: ataza konplexuak egiteko gaitasun handiagoa du, koherentzia gehiago erakusten du elkarrizketa luzeetan eta “ikasi” egin duela dirudi. Hala ere, arazo klasiko batzuk presente jarraitzen dute: elkarrizketa luzeetan galdu egiten da, eta fitxategi edo esteka okerrak ematen jarraitzen du.

Horrek erakusten du adimen artifiziala ez dela oraindik informatikariak ordezkatzeko gai. Egia da kodea idaztea baino garrantzitsuagoa dela orain kode hori ulertu eta epaitzea, baina gainbegiraketa handia behar da oraindik. Askok alderatu dute ChatGPT Numerobis pertsonaiarekin (Astérix eta Obélix Egipton komikian): eraikitzeko gaitasuna badu, baina emaitza askotan desastre bat izan daiteke.

Bestalde, jende askok sumatu du ChatGPT 5. bertsioak “irakasle” baten antzera hitz egiten duela. 4. bertsioak lagun baten moduko tonua zuen, eta erabiltzaile askok horretan oinarritu zuten harremana. Horregatik, batzuek diote 5. bertsioak hotzagoa eta urrunagoa egiten duela.

OpenAIren egoera ekonomikoa ere aztergarria da. 2015ean irabazi asmorik gabeko erakunde bezala sortu zen eta donazioekin bizi zen. 2019tik aurrera, ordea, inbertsoreen kapitala jasotzen hasi zen, Microsoft buru zela. Horri esker, datu zentro erraldoiak martxan jarri ahal izan zituen. Hala ere, gastuak ikaragarriak dira: 2024an soilik 500 milioi dolarreko galera izan zuen, eta adituek diote 2030 arte ez duela etekinik emango. Horretarako 12.000 milioi dolar baino gehiago beharko ditu. Konparazio modura, EAEko 2024ko aurrekontuak 15.969 milioi eurokoak dira.

Beste gai bat Microsoften Copilot da. Tresna hau lagungarria izan daiteke, baina arazo larria du: batzuetan erantzun okerrak ematen ditu. Hori entzunda, galdera logikoa sortzen da: nor nahi du gaizki kalkulatzen duen kalkulagailu bat? Erabiltzaile batek Excel irekitzen badu, espero du emaitza matematikoak zuzenak izatea, eta hori ez da beti bermatzen Copilotekin.

Azkenik, gero eta gehiago entzuten da adimen artifizialaren inguruko burbuila baten ideia. 2001eko “.com” burbuilarekin gertatu bezala, zenbait adituk diote sektore honetako gehiegizko inbertsioak eta itxaropenak ezin direla epe luzera eutsi, eta goiz edo berandu eztanda egingo duela.

Iturriak: