Palestina eta Ekialde Hurbila sutan (2023-2024) izeneko wikiliburua argitaratzeko bidean da, Euskarazko Wikipediako wikilariek urtebeteko lana batu eta formatu bateratuan plazaratzeko asmoz. 2023ko urriaren 7an gertatutako eskalada militarrak Israel eta Palestinaren arteko gatazka aro berri batean kokatu zuen, eta handik aurrera, Gazako herritarrek bizi duten egoera are latzagoa bihurtu zen, nazioarteko eragile askok genozidiotzat jo duten kanpaina militarraren ondorioz. Une horretan, euskal wikilariek berehala ekin zioten albisteak eta gertakariak eguneratzeari, eta ordutik hona 25 artikulu baino gehiago bildu dituzte, tonu entziklopedikoan eta multimedia materialez hornituta. Orain, eduki horiek guztiak wikiliburu batean biltzen ari dira, “Palestina eta Ekialde Hurbila sutan (2023-2024)” izenburupean, Euskal Herritik ikuspegi propio bat eskainiz eta memoria kolektiboari ekarpen baliotsua eginez. Liburuak 2023ko urriaren 7tik 2024ko urriaren 7ra bitarteko epea jasoko du, Palestinari buruzko sarrera orokor batekin eta gertakari nagusiak azalduz; helburua da gatazka historiko baten berri euskaraz ematea, biktimen eta elkartasun ekimenen berri zabaltzea, giza eskubideen urraketen inguruan kontzientzia piztea, euskarazko dibulgazioa eta ikerketa sustatzea, eta hezkuntzarako baliabide erabilgarria eskaintzea. Argitalpena CC-BY-SA lizentziarekin egingo da, hots, edonork erabili eta erreproduzitu ahal izango du, betiere iturria eta egileak aipatuta eta lan berriak lizentzia berdinarekin zabalduz; lehen edizioan 100 ale inguru izango ditu. Proiektua crowdfundin kanpaina baten bidez finantzatuko da, eta bildutako dirua maketaziora, testuen zuzenketa eta ediziora eta lehen inprimaketara bideratuko da. Horrenbestez, ekimen honek euskarazko informazioaren hedapenean eta memoria historiko kolektiboan erreferentziazko lekua izan nahi du, Palestinaren aldeko elkartasunetik eta herritarren borondatezko lanetik sortutako ekarpen gisa, bai ikerketa akademikoetan eta bai herritarren oroimenean oihartzuna izan dezakeena.
Ekarpena egiteko modua, Itsulapikoa.eus plataforman