Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak ingurumenarekiko konpromisoan aurrera jarraitzen du, eta Lesakan Garbigune Ttiki puntu berria jarri du martxan suhiltzaileen parkearen ondoan. Zerbitzu honek aukera ematen du ohiko edukiontzietan utzi behar ez diren etxeko hondakin kutsagarri txikiak biltzeko, hala nola pilak, bateriak, bonbillak, olio erabiliak, aerosolak edo inprimagailuko kartutxoak.
Joan den irailaren 18an egin zen inaugurazio ekitaldia, Tantirumairu ikastolako haurrek parte hartuta. Haurrak arduratu ziren zigilua kentzeaz eta sinbolo gisa zerbitzua martxan jartzeaz, ingurumenaren zaintzaren garrantziaz ohartzeko aukera izan zutelarik.
Mankomunitatearen ardura izango da bertan bildutako hondakinak Garbigune nagusira eramatea, dagokien tratamendua jasotzeko. Aldi berean, herritarrei gogorarazi diete garbigune puntuetan ezin direla utzi plastiko, metal edo brick ontzi hutsak, horiek ohiko edukiontzietan bota behar direlako.
Ekimen honek hondakinen kudeaketa arduratsua eta jasangarritasuna sustatu nahi ditu, ingurumen garbiago baten aldeko urrats praktiko eta sinboliko gisa.