XARE: gazteak, teknologia eta euskara sare berean

Aitor Errazkin 2025ko urr. 14a, 11:00

Teknofrekuentziak saioan teknologia berriei eta horien inguruan antolatzen diren ekitaldiei erreparatzea gustatzen zaigu. Gaurkoan, XARE proiektua izango dugu hizpide: 2016an Iruñean sortu zen eta gaur egun Euskal Herriko lurralde gehienetan egiten da. Aurten, gainera, bigarren aldiz Baionara iritsiko da. Horri buruz hitz egiteko, gurekin dugu Igone Mariezkurrena, proiektuko komunikazio arduraduna.

XARE ekimenak hiru ardatz nagusi ditu: teknologia, gazteak eta euskara. Helburu nagusia da euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak gazteen artean ezagutaraztea, eta haiek tresna horiek balioan jar ditzaten sustatzea. Gazteek hartzaile pasibo izatetik euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile aktibo izatera igaro daitezen nahi dute antolatzaileek. Eta, noski, ondo pasatzea ere ezin da ahaztu!

Aurten, XARE inoiz baino zabalagoa izango da: bederatzi herri eta hiritara iritsiko da, eta jada 14.300 gazte baino gehiago izan dira parte hartzaile urte hauetan, 4.500 gehiago ikasturte honetan bakarrik. Formatu aldetik, hiru jarduera nagusitan banatuta dago ekitaldia, eta antolatzaileen iritziz, horrek dinamismoa eta arintasuna ematen dio esperientziari.

Aurtengo edizioak irudi berria estreinatuko du: irudi “mutantea”, koloretsua eta erakargarria, hitzordu bakoitzean egokituko den diseinua. Igone Mariezkurrenaren arabera, “plano digitalean dena azkar aldatzen da, eta guk erritmo horri eutsi nahi diogu”. Edukiak etengabe eguneratzen dituzte, eta jarduerak gidatzen dituzten profesionalek euren esperientzia eta grina gazteekin partekatzen dute.

Tailer eta jarduera ugarien artean aurki daitezke musika autoekoizpena, argazki-teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, aplikazioen garapena, adimen artifiziala edo pribatutasuna sarean. Horiek guztiak euskaraz lantzen dira, eta parte hartzen dute, besteak beste, Talaios kooperatibak, Elurmaluta proiektu artistikoak, Gisa software librearen aldeko elkarteak, Emaize sexologia zentroak, Codesyntax, Protomakers Club, Katubi ikus-entzunezkoak, Game Erauntsia eta DJ Makalak.

Urtez urte, XAREk ere bere egitura eta edukiak egokitu ditu. Hasieran ez zegoen jolas aretorik, eta “info aretoa” zen horren ordez, sei hitzaldi motzeko formatuan. 2018tik aurrera, egungo hitzaldien formatu trinkoa ezarri zen, eta tailerrak bideomapping, 3D inprimaketa edo DJ aplikazioak, besteak beste— mantendu dira gazteen interes handiena pizten duten jardueratzat. Adimen artifiziala, adibidez, azken urteetan gai nagusi bihurtu da, eta orain ezinbesteko elementua da programaren barruan.

Antolatzaileek ohartarazi dute gazteak “natibo digital” gisa aurkezten badira ere, askok ezagutza mugatua dutela teknologiaz. Sare sozialak erabiltzen dituzte, baina askotan harrituta geratzen dira tailerretan ikusten dituzten oinarrizko kontzeptuekin. Irakasle askok ere parte hartzen dute interes eta jakin-min handiz, galderak eginez eta gazteekin batera ikasiz.

Azken batean, XAREk ez du soilik teknologia eta euskara uztartzen, baizik eta etorkizun digital euskalduna irudikatzen du, gazteek eurek eraikitzen laguntzen dutena, jolasaren eta jakin-minaren bidez.