Gaurkoa «elkartasun internazionalista erraldoia» izaten ari dela nabarmendu du LAB sindikatuak. Adrian Arruti OarsoBidasoko LAB sindikatuko ordezkariarekin hitz egin dugu goizeko balorazioa egiteko. Hego Euskal Herriko sindikatuek antolatutako Palestinaren aldeko elkartasun egunak eragin handia izaten ari du. Bake negoziazioak hasiak badira ere, lanuzteei eta mobilizazioei eutsi diete guztiek, «Israeli presioa emateko, eta Palestinan genozidioa, okupazioa eta kolonizazioa behin betiko bertan behera uzteko».
Gure eskualdean lanuzteak egin dituzte goizeko 10:00etan eta 11:00etan hainbat lantokitan. Hondarribiko aireportuko langileak, Irungo CAF lantegian, Landetxako Tesa enpresaren atarian, Salva enpresan, Hondarribiko Endanean edota Txingudiko Zerbitzuak Irungo Olaberria auzoan duen egoitza nagusian, besteak beste. Zenbait udal zerbitzu publikoetan ere eragina izan du grebak. Hondarribiko Udal Liburutegian, adibidez, sindikatuek deituriko lanuzteekin bat egin eta zerbitzua 11:30etik 13:30era eta 19:00etatik 20:00etara itxita egongo dela jakinarazi dute.
Era berean, hiriburuetan goiz eta eguerditan deitutako mobilizazioez gain, Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, manifestazio zaratatsua egingo dute San Juan plazatik abiatuta, arratsaldeko 19:00etan. Eta Hondarribian, San Pedro kalean elkarretaratzera deitu dute 20:00etan. Beran Frantxia Halzuet plazatik abiatuta (19:30ean) eta Lesakan, ordu berean, Plaza Zaharrean elkarretaratzea egingo dute.
Iñaki Lopez de Luzuriaga, Gernika-Palestina ekimeneko kideak azpimarratu duenez, gaurko mobilizazioekin «erakunde publikoei Israelekin eta hango enpresekin duten harreman oro eteteko» eskatzen diete.
Lanuzteen eragina sektoreka
Gogoan hartu behar da, ELA sindikatuak bere aldetik lau orduko lanuzte deialdiak egin dituela. Eta beste sindikatuek, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU garraiolariena, berriz, hiru orduko etenak. Esan bezala, eskualdeko industria eta zerbitzuetako enpresa handietan langileek mobilizatzera jo dute oro har, baita lantegien aurrean kontzentrazioak egitera ere.
Lanuzteekin batera, aldiz, salbuespena hezkuntza sektorea izan da, egun osoko deialdia egin baitute bertan. Maila guztietan egun osoko grebara deitu dute, haurreskoletan eta LHko behar bereziak dituzten ikasleen kasuan, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak agindu ditu.
Hala ere, hezkuntzako langile guztiak daude deituta: irakasleak, jangeletako langileak, gidariak... Ikasle sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak ohiko zerbitzu minimoak izendatu ditu, eta zentro guztiak irekita egongo dira gaur, baina ikastetxe gehienek ohiko klaseak bermatzerik izango ez zutela aditzera eman zieten familiei.
Bestalde, gaurko lanuzteen ondorioz, osasungintzan igandeetako zerbitzu minimoa bermatzen ari da Osakidetza. Eta garraio publikoari dagokionez, eragina izango badu, Eusko Jaurlaritzak %30eko zerbitzu minimoak agindu ditu. Lurraldebus lineatan eragina izan badu, bereziki Euskotreneko topo zerbitzuan eman dira aldaketarik handienak. Izan ere, Hendaia-Lasarte/Oria topoaren kasuan ordubetero ibiliko da. Lasartetik Hendaiarako norantzan goizeko 6:30ean izan da lehen zerbitzua, eta orduro bakarra izango da gaueko 22:30ak arte. Hendaiatik Lasartera, berriz, goizeko 06:03ean abiatu da aurreneko topoa, eta orduan behineko zerbitzua emango du ere.